Hartu Hitza elkarteak igandeko galdeketa historikoaren xehetasun guztiak eman berri ditu, inor bere bozka eman gabe gera ez dadin.
Gizarte eragile ugarik ere bat egin zuten atzo herri galdeketarekin.
Euren etorkizuna erabakitzen hasiko dira irundarrak datorren igandeko (hilak 18) herri galdeketa historikoan. Orotara, 16 urtetik gorako 51.618 herritar daude bozkatzera deituak. Hartu Hitza elkarteak igandekoaren xehetasun guztiak eman berri ditu, inor bere bozka eman gabe gera ez dadin. Hala, ondorengo egitaraua prestatu dute iganderako:
- 9:00: Hautes-mahaien irekiera.
- 10:00-10:30: Nazioarteko begiraleen bisita eta berme batzordearen agerpena.
- 11:30-13:00: Irundar esanguratsuen boto emana San Juan plazan (Besteak beste, Inma Landa Irungo Alarde Parekideko Jenerala, Ander Elosegi piraguista olinpikoa, Ion Martinez Santamaria Irungo Udal Bandaren partaidea, Asier Burguete Go!azen telesaileko protagonista eta Beñat Larrukert youtuberra).
- 13:00: Lehen kontaketa eta jendaurreko agerraldia.
- 15:30-20:00: Kaleko animazioa.
- 20:30: Behin behineko kontaketa eta ondoren, festa.
Honako galdera erantzun beharko dute herritarrek: ‘Irundar gisa, nolako etorkizun politikoa nahi duzu gure herriarentzat?’. Eta erantzuteko, hiru aukera izango dituzte: ‘Euskal estatu burujabe eta independentea’, ‘estatus politiko berri bat, estatu espainiarraren barruan’ edo ‘gaur egungo Euskal Autonomia Erkidegoa’.
Dagoeneko dena prest dute Hartu Hitza elkarteko kideek. Bihar eta igandean, galdeketaz gain, festa nagusi izango da hiriko kale eta plazetan. Elkartetik parte hartzeko gonbidapena egin diete gizarteko sektore guztiei. “Irun solidario, bizi eta justuago baten alde, hartu hitza” mezua zabaldu dute bizilagunen artean.