Urte luzea izan da elkartearentzat, gogor egin dute lan ehunka boluntariok, eta dagoeneko erabakitzeko unea iritsi da.
Gizarte eragile ugarik ere babestu dute igandeko herri galdeketa.
Irungo Hartu Hitza elkarteak dena prest du igandeko (hilak 18) herri galdeketa historikorako. Urte luzea izan da elkartearentzat, gogor egin dute lan ehunka boluntariok, eta dagoeneko erabakitzeko unea iritsi da.
09:00etan zabalduko dituzte hautes-mahaiak. Hamaika aukera izango dira bozka emateko; auzo guztietan eskainiko dute aukera, etenik gabe, 20:00etara bitarte.
Herri galdeketak babes handia jaso du azken hilabeteotan. 3.000 sinadura baino gehiago bilduta eta herritarren bermea jasota, gizarteko esparru askotatik ere iritsi dira babes keinuak. Alderdi politikoak, sindikatuak, langileak, kirolariak… Eta gaur (hilak 15), gizarte eragile gehiago batu dira erabakitzeko eskubidearen aldeko olatura.
Argazki koloretsua atera dute Zabaltza plazan mugimendu feministako, Harrera Sareko, Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduko eta Euskaraldiko kide ugarik, eta bertan, igandean bozkatzeko mezua plazaratu dute. «Oso positiboa iruditzen zaigu erabakitzeko eskubidearen printzipioa herritarren artean zabaltzea. Euskal herritarrok gure herriaren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea dugu, noski», adierazi dute.
Gizartea astindu
Irun eta bertako biztanleak ahalduntzea. Hori izango du helburu igandekoak, eta galdeketaren ostean, gizarteko esparru guztietara zabaldu nahi dute erabakitzeko eskubidearen kultura.
«Herritarrok gure bizitzako atal guztietan edozein gairen inguruan gure iritziak emateko eta erabakiak hartzeko eskubidea dugu; gizartea astintzeko eta etorkizunerako adibide gisa baliagarria izango da igandekoa. Irun solidario, bizi eta justuago baten alde hartu hitza» adierazi dute elkartetik.
Hartu Hitza-tik gogoratu dutenez, 16 urtetik gorako irundar orok izango du bozka emateko aukera, beti ere euren nortasuna, adina eta bizilekua egiaztatzen badira. Orotara, 292 boluntarioren laguntza izango du elkarteak.
Galdeketaren harira, asteburu osoan festa nagusi izango da hirian. Motorrak berotzeko, biharko hamaika jarduera antolatu dituzte eta igandean ere, emaitzatik arago, ospakizunez beteko dituzte hiriko plaza, kale eta txokoak. Informazio gehiago,
Hartu Hitza-ren webgunean eskuragarri dago.