Hegoaldeko Ingurabidearen lehen fasearen obrak finantzatzeko bideratuko dute dirua. Imanol Lasa foru bozeramaileak nabarmendu duenez, legealdi hasieran hartutako konpromisoa bete du aldundiak, Irunentzat "oinarrizkoa" den azpiegitura babestuz. "
Imanol Lasa.
Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazi berri dutenez, Irungo Udalari 6 milioi euroko diru laguntza ematea onartu berri du Diputatuen Kontseiluak. Hegoaldeko Ingurabidearen lehen fasearen obrak finantzatzeko bideratuko dute dirua. Imanol Lasa foru bozeramaileak nabarmendu duenez, legealdi hasieran hartutako konpromisoa bete du aldundiak, Irunentzat “oinarrizkoa” den azpiegitura babestuz. “Trafikoa arindu eta irundar guztien mugikortasuna hobetuko du, bizi kalitatean ere aurrera pausu handia ekarriz”, adierazi du Lasak.
Hegoaldeko Ingurabide berria udalaren jabetzaren menpe geratuko dela jakinarazi dute, eta hari dagokiola obrak lehenbailehen hasteko lehen pausoak ematea. Gainera, aldundiak dagoeneko prest du erakundearen jabegokoak diren lur zatiak uzteko dokumentua. Aldundiaren arabera, 16 hilabete iraungo dute lanek, eta bi zatitan banatuko dute proiektua: Hegoaldeko Ingurabidearen lehen zatia (7.048.544,04 euroko aurrekontuarekin; horietatik aldundiak 6 jarriko ditu) eta Txenpereneako ekipamendurako lur zatian sartzeko biribilgunea egin eta sarbidea handitu (1.167.151,77 euroko aurrekontuarekin). Azken inbertsio hori udalak egin beharko du.
Hala, azpiegitura berriak 690 metroko luzera izango du. Aldundiaren kalkuluen arabera, egunero 2.500 ibilgailuri emango diote zerbitzua. Abendu-urtarril inguruan aurreikusten dute obrekin hastea, eta epea, urtebetekoa izango da. Behin lanak amaituta, AP-8ko lotune erdiak duen potentziala aprobetxatzeko aukera emango duela diote aldunditik, Irungo erdigunearen komunikazioa hobetuz.
Era berean, aldundiak etorkizunean AP-8an Irun-Katea-Behobia zatiko ohiko erabiltzaileei deskontuak egiteko apustua egingo duela jakinarazi dute. “Lehen joan etorriko desplazamendutik %50ek deskontua izango da, eta 20 desplazamenduko kopurua gainditzen denean, berriz, %80koa”, zehaztu du Lasak.