«Justizia egin da; ezin diogu omenaldi ederragorik egin aitari»
2008an hil zen Celestino Tolosa ‘Xarra’, CAFen amiantoarekin lan eginda gaixotu eta hil zela ebatzi du epai batek orain. Hil aurretik birikak gordetzeko eskatu zien Tolosak medikuei, klabea izan da hori.
«Aitak beti izan zuen laneko zerk edo zerk gaixotasuna sortu zion susmoa» «Ez genekien aitak birikak gordetzeko eskatu zuenik. Klabea izan da» «Dagokion lekua eman diogu aitari, eta berak hasitako borroka amaitu»Mingarria izan da epaiketa prozesua, gogorra? Tolosa: Bai, min handia eman zigun CAFeko abokatuen jarrerak. Asviamie Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteko abokatuak handiak dira eta buelta eman zioten egoerari. Familiak entzutea diskurtso hori oso gogorra izan zen. Asviamiek 2018an amiantoarekin lanean izan diren 28 pertsona hil direla jakinarazi du. Bada nahikoa informazioa gaur egun? Pila bat entzuten ari da eta ikusgarritasuna ematen ari zaio gaiari. Guk aukera, indarra eta gogoa izan dugu epaitegien bideari ekiteko, baita komunikabideei erantzuteko ere. Orain hitz egiten da amiantoaz, ondorioez, eta nik uste dut oraindik kasu gehiago aterako direla. Kontrol gehiago dago enpresetan, eta CAFen badakigu egun prebentziorako neurriak hartzen dituztela. Baina hor atzean duela urte askotako langileak daude, urteroko mediku azterketak egiten, baita beraien emazteak ere, lantegian amiantoz kutsatutako arropa garbitzen zutelako etxean. Euskal Herrian entzuten dira, baita kanpoan ere. Jordi Evole kazetariak saioa egin zuen Bartzelonan Roca enpresaren eta amiantoaren erabileraren gainekoa. Azken lau urteetatik hona, asko entzuten ari da. Epaitegietara heltzea eta amiantoak eragindako gaitzak direla frogatzea kosta egiten da oraindik? Tolosa: Bai, kosta egiten da. Hildako pila dago, baina asko ez daude aitortuta gaixotasun profesional gisa, askok ez zutelako lotu ere egingo beren gaitza lanean amiantoarekin kutsatuta sortuko zitzaienik, batzuk prozesuan hil egin dira, eta beste batzuetan familiak ez du indarra izan aurrera egiteko. Kasu mordoa dago. Urbieta: Gehienbat ezjakintasuna dago. Ez sinistea gertatzen ari dena, kontzientzia falta, informazioa falta. Tolosa: Gaur egun amiantoa topatzen dutenean eraikinen batean, espezializatutako langileek kentzen dute, babestuta, neurri izugarriak hartzen dira. Garai hartan amiantoa izango zuten eskuetan inongo babesik gabe, usainduko zuten, irentsi… Aste honetan bertan Paisan aurretik, eta Explosivos Rio Tinto enpresan ondoren lan egin zuen emakume bati lan gaixotasuna aitortu dio gizarte segurantzak. Halakoak entzuteak indarra ematen du? Tolosa: Indarra ematen du noski, zenbat eta gehiago argitara atera, askoz eta hobeto, azkenean horrek bidea zabalduko dielako atzetik datozen guztiei. Guk ere aurrera egin dugu, eta batez ere aste honetan ikusgarritasuna ematen ari gatzaio gaiari, atzetik datozen guztiei animatzeko aurrera jo dezaten. Egia da prozesu legala oso luzea eta gogorra dela. Eta horren harira konpentsazio funtsa eskatzen ari da Asviame Espainiako parlamentuan, ez pasarazteko prozesu luze honetatik. Orain jo dezagun enpresak ez duela errekurtsorik egiten. Guk irabazi dugu, baina ez da hemen bukatzen bidea, guk gizarte segurantzarekin prozesu bat hasi behar dugu, eta enpresarekin beste bat. Ez dakigu zenbat denbora emango duen, dakiguna da gu amaierara arte goazela bide honetan. Bide honetan zer izan da zailena? Tolosa: Erakustea egia, demostratu behar izan dugu egia zela, eta horretarako harrien azpian ere bilatu behar izan dugu. Horrekin esan nahi duzu enpresak ez duela zuritu behar izan bere jarrera, zuek frogatu behar izan duzuela errudun edo arduragabekeriaz aritu direla? Tolosa: Guk egin behar izan dugu dena, erakusteko horrela izan zela eta probak lortuta ere, demostratuta ere, oraindik ere ez da nahikoa izan. Donostiako 2. Epaitegian galdu egin genuen, ez zuten kontuan hartu Valdecillako txostena eta zalantzan jarri zuten txosten hori egin zuten bi adituen profesionaltasuna. Osasun publikoko langileak dira, eta zalantzan jarri zuten benetan objektiboa den froga bat, oso larria da. Birikak dituzu eta aztertuta emaitza hau da, eta hori objektiboa da. Nire aitari diagnostiko okerra egin zioten, bertan behera gelditu eta diagnostiko berria egin zioten, eta txostenean hala azaltzen da. Donostiako Epaitegiko bigarren aretoak ez zuen proba hori onartu. Ebidentzia ez zuen onartu. Bidea jarraitu dugu, eta EAEko Justizia Epaitegiak arrazoia eman digu orain. Eta hemendik aurrera, zer? Tolosa: Ez dakigu. Agian CAFek edo gizarte segurantzak errekurtsoa aurkeztuko dute. Ez dut uste, gaiak denbora gutxian zabalkunde izugarria izan duelako. Ebidentzia hor dago. Uste dugu ezetz; zailena agian hori izan da, demostratu behar izatea egia. Esan digute ere nola itxoin dugun zortzi urte egiteko… indarra bildu behar duzulako, agian, halako prozesu bati ekiteko. Prozesua hasi aurretik, epaitegietara jo baino lehen, gizarte segurantzan gaixotasun profesionala aitortzeko eskaera egin genuen, eta ez zuten onartu. Onartu ez zuelako jo genuen epaitegietara. Hamar egun dituzte errekurtsoa egiteko, ostiralean [gaur] edo astelehenean jakingo dugu errekurtsorik aurkeztuko duten edo ez, benetan zer gertatuko den. Instituzioak inplikatzen al dira? Tolosa: Ez, guk ez dugu halakorik sumatu. Osakidetzan txostenak behar izan ditugunean eskaera egin dugu eta jaso ditugu. Valdecilla ospitaletik, ordea, laguntza handia jaso dugu, eta hori esan behar dut. Instituzioek ere beren erantzukizuna badute honetan guztian. Eusko Jaurlaritzak enpresetan prebentzioa betetzen dela bermatu behar luke, ardura du, izango du, beraz, zer esan eta zer egin. Ez dakit zerbait jaso beharko genukeen, baina ez dut horren faltarik sumatu. Egoera berean dauden pertsonei zer esango zenieke? Tolosa: Aurrera jarraitzeko, Asviamie elkartearekin harremanetan jarri eta aurrera jotzeko, bide gogorra bada ere. Azkenean garaipen bat delako eta uste dudalako enpresa guztiek aitortza hau egin behar dutela; langileek merezi dute, baita familiek ere. Gu ere prest gaude laguntzeko, gure kasua azaltzeko. Bidea hasteko, nahiz eta luzea izan, borroka hasteko esango nieke. Asviamiek zer suposatu du? Tolosa: Laguntza handia. Beraiek markatu dute bidea eta laguntza zuzena eman digute: abokatuak, idatziak, nora jo. Sostengu handia izan dira, baita epaiketa egunean ere. Jesus Uzkudunek lagundu digu prozesu honetan, aita ezagutzen zuen, garai bereko sindikalistak izan ziren nahiz eta sindikatu ezberdinetan aritu, ESKn aritu zen aita. Guretzako justizia eginda, dagokion lekua eman diogu aitari, berak hasi zuen borrokari guk amaiera eman diogu zorionez. Aitari eta senarrari egin diezaiokegun omenaldirik ederrena zen. Gurekin egon da aita prozesu honetan guztian, eta amaitzen dugunean guzti honekin dolua ixteko aukera izango dugu; beste askok agian ez dute aukerarik horretarako.