Elkartasun azoka egingo dute gaur Sabin Arana kaleko ikastetxean, behar bereziak dituzten Pausoka Elkarteko haurrei laguntzeko.
Hondarribiko Egiluze ikastetxeak bat egin du ostegunean egingo den Beñat Elzo Mendi Lasterketa solidarioarekin. Bat egin baino gehiago egin du, gainera. Aurtengo etekina behar bereziak dituzten haurrentzat izango da, eta gaur (asteartea) arratsaldean diru bilketa egingo dute Pausokari emateko: “Ikastetxe gisa gure hondar alea jarri nahi izan dugu diru-bilketa horretan”, azaldu du hezkuntza zentroak.
Hala, 16:00etatik aurrera elkartasun azoka egingo dute Egiluzen: “Irakasle, ikasle eta gurasoek egindako gozo eta eskulanekin osatutako elkartasun azoka egingo dugu, eta bertan ateratako dirua elkarteari emango diogu”.
Pausokako kide den ume batek ikasten du Egiluzen, eta gutun bat idatzi die ikaskideei, bere egoeraren berri emanez. Ikastetxeak, zentroko familia guztiei helarazi die gutun hori, eta gaurko azokara hurbiltzeko eta azaroaren 1eko lasterketa solidarioan izena ematen animatzeko eskatu die.
Iazko familien lasterketako une bat. Aurten, Pausokaren aldeko korrituko dute