Euskal Herrian ere, hesia
Hilabeteak daramate bidean, bakoitza bere infernutik ihesi. Iruneraino iristen direnek, beste muga bat dute Hendaian.
Ibrahima, Mamadou, eta Oumar Iparralde etorbidean gora doaz. Azkar mugitzen badira atea itxi baino lehen iritsiko dira Ospitale Zaharrera, eta afaltzeko eta aterpean lo egiteko aukera izango dute. Atseden hartzea komeni zaie, bihar berriro saiatuko baitira beste aldera pasatzen.
Joan den ostiralean Christophe Castaner Frantziako Barne Ministro izendatu berriak migratzaileen jarioa geldiarazteko neurri zorrotzak iragarri zituen Hendaian. Hori eta gero, dozenaka izan ziren larunbatean Bidasoaren alde batetik bestera igarotzen saiatu zirenak. Zubietatik, trenbidetik, ahal izan zuten modura. Hiru gazte ginearrek eguerdian egin zuten jauzia, baina Landetatik gertu zeudela atzeman zituen poliziak, eta atzera ekarri zituen, Santiago zubiraino. Urtarrila eta iraila artean jendarmeek 481 pertsona utzi zituzten Espainiako poliziaren esku, baina askoz gehiago dira bero-beroan egindako itzulketak, jendarmeek berme-judizialik gabe eta Europako legedia urratuz egiten dituztenak.
Frantziak neurri estuagoak ezartzen baditu, are eta zailagoa egingo zaie jauzia egitea Bidasoraino iristen ari diren afrikarrei. Orain inbutua dena, tapoia bilaka daiteke, eta asko zailduko du herritarren babes sarearen eta erakundeen arteko mahaiaren erantzuna. Baina ziurrenik, neurriok, ez dute balioko migratzaileak geldiarazteko. Begiz jota dute jomuga, eta ez dute etsiko, lortu arte. Gogorrak dira, eta bideak gogorrago egin ditu.
Genero kontua ere bada
Mediterraneoa zeharkatzen duten gehienak gizonak dira, baina badira emakumeak ere, hogeitik bat gutxi gorabehera. Haien arrazoiak ez dira ekonomikoak izaten, edo ez nagusiki behintzat, generokoak baizik. Orain hamar egun Diatou –ez da benetako izena– bolikostarra iritsi zen Irunera. Bi aste lehenago hasi zuen bidaia, senarraren jipoiengandik ihesi. Besoak markatuta zituen, baina ikusteko bereziki gogorrak ziren sakelakoan gordeta dituen aurpegiko argazkiak. Ihesaldian, orain arte zortea izan du Diatouk, hegazkinez egin zuen bidaia Rabateraino, arazo handirik gabe igaro zuen Mediterraneoa, eta dagoeneko Frantzian dago, etxe partikular batean aterpea hartuta.
Aminata Bangoura ginearrak 20 urte ditu, eta herenegundik dago Irunen. Gurutze Gorriaren autobus batean iritsi zen, Andaluziatik. Ondo egiten du frantsesez baina kosta egiten da esaten duena ulertzea, indarrak falta dituelako. Begirada altxatzen duenean erraz sumatzen da barruan daraman samina. Begiak gorrituta ditu, deseginda dago. Hogei urte ditu eta nerabe bat zela geratu zen umezurtz. “Amaordearekin bizitza infernua zen, horregatik erabaki nuen alde egitea”, kontatu du. Marokon sei hilabete eman ditu, lanean bat, Espainiara noiz pasatu zain. Hiru aldiz saiatu zen itsasartea zeharkatzen, joan den astean lortu zuen arte. “Oso gogorra izan da”, esan du malko artean. Saharaz hegoaldeko migratzaile askok kontatzen dute Maroko dela bidaiaren zati latzena, “beltzak oso gaizki tratatzen dituzte Marokon”, berretsi du Bangourak. Bordelera iritsi nahi du, eta asteburuan saiatuko da Hendaiara pasatzen, aurretik suspertzen bada.
Kadiya Toubari herrikidearekin hizketan ari da Bangoura. Gurutze Gorriko autobusean ezagutu zuten elkar. 21 urte ditu Toubarik eta azkarrago egin du bidaia. Ez da ohikoa, baina diru gehiago dutenek bidaia azkarrago egin dezakete. Rabateraino hegazkinez bidaiatzen dute, eta diru truke ere, errazago lortzen dute paterako txartela. Bera hilabete batean iritsi da sorterritik Iruneraino, itsasoan hiru aldiz saiatu eta gero. Ezkondu arazi nahi zutelako erabaki zuen Europara iristen saiatzea: “Ama hil zenetik izeba-osabekin bizi nintzen. Ezkondu arazi nahi ninduten, eta nik ez nuen nahi”. Aurrekari horrek, aukera ematen dio nazioarteko babes estatusa lortzeko, uztailetik Irundik pasatu diren milatik gora migratzailetik gehienei ukatuko dietena. Hori bai, lehenik Frantziara iritsi nahi du, babesa han eskatzeko.
Esperantza, halabeharrez
Europako Batasunaren legediaren arabera, ihesean batasuneko herrialdeetara iristen diren adingabeek ere babeserako eskubidea dute. Baina Bidasoaren gainetik igarotzen duenak ez du halakorik aurkituko beste aldean. Espainiako Estatuan atzemanez gero, adin txikikoentzako zentroetan bilatzen diete lekua, baina iparraldera iritsi nahi dutenez, gezurra esaten dute. “Hemezortzi urte ditut”, esan digu Amadou Lik aurrena. Poliziak ez garela ziur egon denean, orduan onartu du bi gutxiago dituela. Hamasei urte, berrogeita hamar kilo inguru, eta hamahiru hilabete motxila bizkarrean jarrita.
Arroxela du helburu Li gazteak, “han ezagunak ditudalako. Aurretik joandako batzuei entzunda nien etorkizuna dagoela Europan, lana egiteko aukera dagoela. Horregatik erabaki nuen bidaia hastea”. Oraindik ez da Hendaiara saiatu, agian horregatik irribarrea du aurpegian: “Esperantza dut dena ongi joango dela, lortuko dudala”. Bide nekeza egin behar izan du Iruneraino, eta oraindik abentura luzea du aurrean, iristeko lehenik, eta bere egoera erregularizatzeko gero. Hori, lortzen badu. Gehienek egiten duten bide berbera jarraitu zuen, Mali, basamortua, Aljeria, Maroko… eta itsasoa. Marokoko urte erdia bereziki gogorra egin zitzaiola kontatu du: “Gaztea nintzenez ez nuen lanik egiten, lan egiten zuten beste batzuek ematen zidaten jaten. Baina Marokon ez zen lanik, ez zen jatekorik, saiatu arren ez zegoen ezer lortzerik, oso latza izan zen Marokoko hura”.
Arroxelan lana aurkitzea da Li gaztearen ametsa. 31 urteko Smaurou Grissa bolikostarrak, aldiz, Parisen bilatu nahi du, baina harrera sareko kideak beste nonbaiten saiatzeko ulertarazten saiatzen dira, “Parisen ez duzu aukerarik izango, 35.000 dira ja kalean lo egiten duten pertsonak”. Baina bera sinistuta dago lortuko duela. Ezin du amore eman, sei arreba utzi ditu atzean: “Lan bila atera nintzen, familiak nire laguntza behar du, eta konfiantza dute niregan”. Duela hamasei hilabete abiatu zen Boli Kostatik, eta hamalau Marokon eman ditu, aurrera egin ezinda. Zazpigarren saiakeran lortu zuen itsasoa gainditzea: “Ozta-ozta lortu nuen, iristen ari ginela txalupa hondoratu zen, ni erreskatatu ninduten, baina hiru lagun nola itotzen ziren ikusi nuen, irudi hori ezin dut burutik kendu”. Irungo boluntarioak ari zaizkio laguntzen, indarra ematen. “Orain artekoa oso gogorra izan da fisikoki, hemendik aurrera psikologikoki gogorragoa izango da, zatirik zailena orain dator, eta indartsua izan behar zara», azaldu dio Ion Irigoienek.
Gomendioak, jarraitzeko
Irungo Harrera Sareko boluntarioen laguntza asko eskertzen dute migratzaileek, batez ere ohartzen direnean Frantzian ez direla uste zuten bezain ongietorriak. Simon Phillipe kamerundarra irailean iritsi zen Irunera, eta hiru aste inguru eman zituen Lakaxitako behin-behineko kanpalekuan. Alemaniara iritsi nahi du eta orain bi aste pasatu zen beste aldera. Asteburuan Katea auzoan antolatutako elkartasun jardunaldiaren harira, jauzia emateko zain daudenei bideo-mezua bidali zien Phillipek, auzo elkarteko egoitzan proiektatu zutena: “Lagundu gu laguntzen diguten pertsona horiei —zioen mezuan—, emaiezue zuen bihotza, erakutsiezue lanerako grina, anima iezaiezue ari diren bezala jarrai dezaten. Ni Irundik pasatu naiz, zuek bezala, eta hona iritsi banaiz beraiei esker izan da, Irungo herritarrei esker”.
Paris atzean utzia zuela bidali zuen mezua, eta harrera sarearentzako esker hitzak bidali ditu Frantzia iparraldetik: “Asko eman didazue, izugarri lagundu didazue, animatu nauzue, gomendioak eman dizkidazue… Familia handia utzi dut han, Irunen. Hitzak falta ditut… Mila esker gugatik egiten duzuen denagatik. Bihotzean zaramaztet”.
Irakurri aurreko asteko erreportajea: Sare bat, azken jauzia egiteko
«Aurretik ezagutu gabeko egoera bati aurre egin behar izan diogu»
Sergio Corchon, Irungo Udaleko Ongizate Ordezkaria
Uztaila bukaeran sortu zen Irungo Harrera Sarea, hirira iristen ari ziren migratzaileei laguntza emateko. Nola ikusten du Irungo Udalak herritarrek emandako erantzun hori?
Beste zenbait herrietan gertatu den bezala, Irunen herritarrez osaturiko harrera sare bat eduki ahal izatea, herritarren elkartasun hori edukitzea, oso positiboa da. Sareko boluntarioak oso lan ona egiten ari dira, eta Irungo Udala elkarlanean ari da beraiekin, hasieratik maila lokalean, eta azkenaldian erakundeen arteko mahaian, bertan ere baitaude ordezkatuta.
Zergatik kosta zaie hainbeste erantzuten erakundeei?
Aurretik ezagutu gabeko egoera bati aurre egin behar izan diogu, behintzat azken garaiak kontuan hartzen baditugu, eta arazoak hartu duen dimentsioari erreparatuta. Erakundeentzako erronka handia da, fenomeno berria delako, geratzeko etorri dena, baina ez dakiguna oso ondo nola garatuko den. Gainera, oso aldakorra da, intentsitate desberdina izan dezake egun batean eta hurrengoan. Hau esanda, beti dago zerbait hobetzeko, eta horretan ari gara, egunetik egunera beharrak zuzentzen egoerak eskatzen digun arabera.
Bi aste inguru pasatu dira Martindozenean eta Ospitale Zaharrean bidean diren errefuxiatuei lotarako lekua eta otorduak eskaintzen hasi zirenetik. Zer balantze egiten duzue?
Irungo Udala uztailean hasi zen erakundeen arteko mahaiari aretoak eta errekurtsoak eskaintzen. Ospitale Zaharrari dagokionez, hau da, Irungo Udalak kudeatzen duen errekurtsoari dagokionez, eta egoera edozein unean aldatu daitekeela kontuan hartu behar den arren, orain arteko balantzea positiboa da. Erakundeen arteko mahaiak Martindozenearako ezarritako baldintzak betetzen ez zituztenei, han sartu ezin eta Lakaxitan babesa ematen zietenei, lotarako eta otorduetarako udal eremu bat bermatu nahi genien. Hori zen Ospitale Zaharreko aretoaren helburua. Eta hori badute, bertan lo egin dezakete, jantoki soziala erabili dezakete, eta, udalaren beste errekurtso batzuen bitartez, eguneko zentrorako aukera ere badute.
Harrera sareak harrera integrala eskatzen du, egunez ere errefuxiatuek leku bat izan dezaten. Zein urrats eman dira hori lortze aldera?
Harrera sarearen proposamena jaso dugu, eta erakundeen arteko mahaiari helarazi diogu, beraiek direlako errekurtsoetara iristeko baldintzak zehazten dituztenak. Erantzunaren zain gaude, baina hasiak dira urratsak ematen. Hori bai, urrats horiek zehaztu egin behar dira, eta hori berandu gabe izatea espero dugu.
Gauez hutsune bat dago. Bai Martindozeneak, baita Ospitale Zaharrak ere, 22:00etan ateak ixten dituzte, eta Irunera ordu hori gaindituta iristen dena, kale gorrian geratzen da. Zein irtenbide du horrek, batez ere laster hotza egingo duela kontuan izanik?
Migratzaileak iristen diren ohiko ordutegian, nahiz eta malgutasuna izan, zerbitzua emateko irizpide batzuk ezartzen dira Ospitale Zaharrean gizarte gaietan formazioa duten profesionalek ematen duten arretan. Zerbitzu ona ematea da asmoa, bertan lo egiten dutenen loaldia eta atsedena bermatuz. Esan bezala, adi gaude, ez dakigulako egoerak zein bide hartuko duen. Baina gogorarazi nahiko nuke, udal errekurtso hau pertsona hauek gaua pasa dezaten ireki genuela.