Aldundiaren asmoa da deskontu sistema ezartzea Irungo AP-8ko lotune berrian. Udalarentzat baikorra da albistea, baina informaziorik ez dutela adierazi dute.
Cristina Laborda Mugikortasun eta Bide Publiko ordezkaria.
Cristina Laborda Irungo Udaleko Mugikortasun eta Bide Publiko ordezkariak,
atzo aldundiko ordezkariek AP-8ari buruz egin zituzten iragarpenei buruzko balorazioa egin du. Aldundiaren nahiak “lehen urrats bat” izan direla jakinarazi du Labordak, “udalaren aspaldiko eskaera da planteatutakoa”, baina aldi berean deitoratu egin du prentsaren bitartez izan dutela aldundiaren asmoen berri, “AP-8ko deskontuen berri prentsaren bitartez izan dugu. Nahiago genuke proposamen horren berri aurretik izatea, irundarrei eragiten dielako”.
Labordak adierazi du aldunditik Gipuzkoako beste herriek jasotzen duten “tratu berbera” jaso nahiko luketela Irunen ere. Gainera, adierazi du egitasmoa abian jartzeko hainbat hilabete falta direla, eta udalari gustatuko litzaiokeela proposamena ongi aztertu, eta hori herritarrekin konpartitzea. Informazioa ere eskatu du, zehazki Oinaurreko ordainlekutik ateratzeak izango lukeen prezioarena, “Kateakoaren prezioa ez luke inolaz ere gainditu behar Oinaurrekoak”.
Abendu-urtarrilean hasiko dira hego ingurabidearen lanak, “baina aldundiak horren finantzazio hitzarmena onar dezan zain gaude lanei ekiteko”. Aldundia eraikitzen ari den lotuneak AP-8a eta hego ingurabidea batuko lituzke. Lotunearen eta ingurabidearen lanak batera egitea zen Irungo Udalaren desioa Labordak zehaztu duenez, “aldundiak ez zuen horrela nahi izan, eta orain finantzazio hitzarmen horren onarpenaren zain gaude hego ingurabidearen obra lehiaketara ateratzeko”.