Elkarte ez izan arren, Irunen euren jarduna egiten duten eragileek gunea erabiltzeko erraztasunak eskatu ditu Xabier Iridoyk.
Palmera Montero gunearen kanpoaldea.
Irungo EAJk, Xabier Iridoy udal taldearen bozeramailearen bitartez, udal gobernu taldeari helarazi dio Palmera-Montero gunearen erabilera araudia zabaltzeko nahia. Gunean hiriko hainbat eragilek egoitza dute, eta erabilera anitzerako aretoa ere badago, aurretik erreserbatu behar dena. Erreserba hori egiteko, baina, elkarte izan behar da derrigor, “gure ustez neurriz kanpoko araudi zorrotza da”. Erabilera anitzeko aretoaren araudia ezarri duena udal gobernu sozialista izan dela zehaztu du Iridoyk.
EAJren ustez, zabalagoa izan behar du araudiak. Eta adibide bat jarri du haien asmoa zein den adierazteko: ikastetxe batek erabilera anitzeko aretoa erabiltzeko eskaera egin, eta ukatu egin zitzaion, ez delako elkartea. “Palmera Monteron dauden aretoen erabilera ikastetxeei edota beste taldeei ukatzeko arrazoirik ez dagoela iruditzen zaigunez, araudi honek berrikusia eta aldatua izan behar duela uste dugu”. Hori bai, elkarte ez diren eragile horiek baldintza zehatz eta zorrotza bete behar dute EAJren aburuz: euren jarduna Irunen garatu behar dute. “Azken finean, gure hirian eragin baikorrak dituzten jarduerei baita horiek aurrera eramaten dituztenei ere zabaldu beharko litzaieke aukera”.
Udal instalazioak hiritar guztien zerbitzura egon beharko luketela uste du EAJk, eta hiritarren onurarako ekintzak egiten dituztenei horietara sarbidea erraztu behar zaiela, “horien erabilera ahalik eta eraginkorrena izan dadin”.