Ekaitza aurreratu egin zen eta The Hanging Stars taldearen lehen doinuekin bukatu zen Fenomena jaialdiaren hirugarren ekitaldia.
The Hanging Stars taldearen lehen doinuekin iritsi zen ekaitza
Antolatzaileek euren esku zegoen guztia egin zuten. Ordutegiak aurreratu, Kabbalah talde iruindarrari ez etortzeko eskatu, soluzio bat eta beste aztertu… Estalpe batek salbatu zezakeen jaialdia, baina Hondarribian ez dago erraz jarri eta kendu daitekeen halako azpiegiturarik, eta horrek asko zailtzen du formatu txiki eta ertaineko ekitaldiak antolatzea. Noski, karpa muntatzea dago, baina diru laguntza publikoen jaitsiera dela-eta Fenomena Kultur Elkarteak ezin izan dio horrelako gastuari aurre egin.
Eguraldi iragarpenak huts egitea besterik ez zen geratzen, baina ez zen gertatu, are gehiago, espero baino lehenago iritsi zen frontea. Bi taldek soilik izan zuten jotzeko aukera, Oscar Benas Instro Combok eguerdian, eta Lobisonek bazkari solidarioaren ondoren. The Hanging Stars taulara igo eta orduantxe hasi zen hondamendia. Lehen minutuetan zaleek une ahaztezina bizitu zen, ingelesak publikoa babesten zen haimetara jaitsi eta
a capella jotzen hasi zirenean.
Ederra benetan, baina ez zuen asko iraun, hain justu haize bolada batek kamerinoen eremua altxatu zuen arte. Hor bukatu zen Fenomena rock jaialdiaren hirugarren ekitaldia. Ziurrenik Fenomenakoek beste kontzertu bat antolatuko dute negurako Psilocybenean, atzokoak utzi duen zuloa estaltzen laguntzeko. Horren berri izan bezain pronto, jakinaraziko dizuegu.