Mintzalaguna egitasmoak seigarrenez abiatuko dute Hondarribian. Hilaren 15era dute izena emateko aukera bertan parte hartu nahi dutenek.
Mintzalaguna atzo aurkeztu zuten, kalean, San Pedro kalean.
Seigarren urtez, Mintzalaguna egitasmoak Hondarribian txokoa izango du. Kalean, egunerokoan, euskaraz mintzatzea da asmoa, euskara bizitzako eremu guztietara zabaltzea. Euskaraz bizitzea. Horretarako beharrezko dira euskaraz dakitenak, eta euskara ikasten ari direnak. Taldean, ikasgelan ikasitakoa kalera aterako dute, euskaraz dakitenen laguntzarekin. Aurten ere Hondarribiko Udalak eta Topaguneak elkarlana abiatu dute egitasmoa herrian haratzeko.
Atzo arratsean egin zuten Mintzalagunaren aurkezpena, kalean, San Pedro kalean, euskarak kalean eremuak irabaztea delako, besteak beste, Mintzalagunaren helburua.
Egin jauzi! leloarekin ekingo diote egitasmoari, hori baita asmoa, euskararen erabilerara jauzia egitea izan euskaldun, ikasle, edo besterik gabe, euskalduna izan eta hizkuntza erabiltzeko aukera eskasarekin aritzea. Euskal Herri mailan, 25 urte bete ditu Mintzalagunak.
Atzoko aurkezpenean herrian iniziatiba dinamizatuko dutenak izan ziren. Hala nola Karmelo Goikoetxea udal euskara teknikaria, Maria Serrano Merkataritza eta Turismo zinegotzia, edo Maite Agirre egitasmoaren koordinatzailea. Haiekin batera, nola ez, partaide izango direnak. Izan ere, udalak egindako azterketaren arabera, partaide izan direnek baikor baloratu dute euren egitekoa Mintzalagunan, besteak beste, euskaraz hitz egiteaz gain, lagunak egin dituztelako.
Izen ematea eta prozedura
Hilaren 15era arte eman daiteke izena Mintzalagunan. Bide hauetatik egin daiteke izen ematea:
Herritar orok parte har dezake. Euskaraz aritzeko ohitura dutenak, ez dutenekin elkartuko dira 5-6 laguneko taldeetan, astean ordu batez, eta eurek erabakiko dituzten jarduerak eginez. Horrez gain, jarduera osagarriak egiten dituzte, tartean irteerak, afariak, tailerrak eta bestelakoak.
Gurasolagunak
Gurasolaguna espresuki gurasoei zuzendutako mintzapraktika egitasmoa da, ikastetxeetako gurasoak biltzen dituen mintzapraktika egitasmoa alegia. Euren ordutegi eta beharretara egokitutako taldeak sortzen dituzte, eta antolatzen diren jarduerak guraso eta familiei bideratuak dira. Hirugarrenez egingo dute herrian Gurasolaguna, Talaia, Ama Guadalupekoa eta San Jose ikastetxeen laguntzarekin.
Gurasolagunan daudenek ere parte har dezakete Mintzalagunan.