Irun Rock jaialdiak, egunbeteko formatuan, jende asko hurbilarazi du San Juan plazara. Antolatzaileak pozik daude musika festak emandakoarekin.
Jaialdiaren une bat.
Irunrock jaialdiaren antolatzaileak pozik daude. Larunbatean izan zen musikaren panoraman indartzen ari den festibala San Juan plazan, bederatzi talderekin. Bi agertoki, ehunka ikusle, eta maila oneko musikariak maila ona ematen oholtzaren gainean. “Bikaina izan da 2018ko Irun Rock. Eskerrak publikoari, musikaz gozatzera etorri zaretelako”, horiek Iñaki Estevez jaialdiaren zuzendariaren hitzak.
Eguerdian hasi zen Irun Rock Indidxabak eta Oso Fan taldeen emanaldiekin. Arratsaldean iritsi ziren gainontzeko taldeen emanaldiak. Bereziko jendetsuak izan ziren gau partekoak, Zestoako Grises taldearen saioan San Juan plaza betetzeraino. Publikoaren erantzun ona izan du aurtengo jaialdiak, egun bateko formatua ondo joan da.
Udalak ere begi onez ikusi du jaialdiaren larunbateko bilakaera. Juncal Eizagirren Kultura ordezkariaren hitzetan, jardunaldi “intentsua” izan zen larunbatekoa San Juan plazan, “iragarritako aurreikuspenak bete egin zituen jaialdiak. 10 orduz, musika ona eta doan. Zorionak antolatzaileei”.