Mintzalaguna egitasmoaren sasoi berria aurkeztu dute gaur. Euskara ikasgelatik kalera ateratzeko iniziatiban izena urriaren 18tik 16ra eman daiteke.
Gaur aurkeztu dute Mintzalaguna egitasmoaren sasoi berria.
Aurten ere Mintzalaguna egitasmoak kalera aterako ditu ikasgeletan euskara ikasten ari diren irundarrak. Udal Euskaltegian eta AEKn euskara ikasten dabiltzanek, beraz, aukera dute praktikan jartzeko barneratzen ari diren guztia.
Izena emateko epea hilaren 8tik 16ra arte dago zabalik. Hori egiteko hiriko bi euskaltegietara joan behar dute interesdunek.
Irungo Udalaren webgunearen bitartez ere badago izena emateko aukera, baita 943 50 52 73 telefono zenbakira deituz ere.
Gaur aurkeztu dute aurtengo Mintzalaguna Monica Martinez Irungo Udaleko Euskara ordezkariak, Udal Euskaltegiko zuzendari Miren Tolosak, Irungo AEK-ko zuzendari Beñat Alzagak, eta Sara Roura mintzakideak.
Agerraldian esan dutenez, Mintzalagunan 5-6 pertsonako taldeak osatuko dituzte. Bertan euskara hiztun bat izango da, taldea dinamizatzeko ardura izango duena. Harekin batera euskara praktikatu nahi dutenek osatuko dute taldea, eta behintzat astean behin geldituko dira nahi duten moduan euskaraz hitz egiteko: tragoska edo kafea hartzen, paseatzen, edo bestelako edozein ekintza egiten. Askorentzat lagun euskaldunak egiteko aukera bada Mintzalaguna, maiz lagun euskaldunak izateko zailtasunak dituztelako euskara ikasleek.
Ekintzen barruan, gainera, irteerak edo ikastaro nahiz tailerrak antolatzen dira, baita ekitaldi kultural eta afariak ere.