Jose Antonio Santano alkateak Lakaxita bisitatu du
Harrera Sareko kideek egoera jasangaitza dela adierazi zioten alkateari (Lakaxitan egiten baitu lo migratzaileen gehiengoak), eta Martindozenea aterpetxea edo erromesen aterpean lo egiteko eskaera luzatu diote.
Antxeta Irratiak jakinarazi duenez, atzo Jose Antonio Santano Irungo alkateak Lakaxita gaztetxea bisitatu zuen, bertan lanean ari den Irungo Harrera Sareko kideekin elkartu zen. Goizean Sergio Corchon Ongizate saileko ordezkaria gerturatu zen Lakaxitara, udaleko teknikariekin batera. Arratsaldean berriz, alkatearekin batera hurbildu zen, egoera zein den ikusteko. Harrera Sareko kideek egoera jasangaitza dela adierazi zioten alkateari (Lakaxitan egiten baitu lo migratzaileen gehiengoak), eta Martindozenea aterpetxea edo erromesen aterpean lo egiteko eskaera luzatu zioten. Gainera, gaiaz eta Harrera Sareaz berandu interesatu izana salatu dute. Egoera zein den ikusirik, alkateak komunikazio zuzenagoa eskatu du eta datorren astelehenean (urriak 1) instituzio arteko mahaira harrera sareko kideen eskaerak eramango dituela adierazi zuen atzoko bisitan.