Gurasoekin eta Gazteekin programen helburua da harremanak sendotzea, batez ere gurasoen eta nerabeen artean. Taldeak osatzeko deia zabalik dago.
Ion Arruabarrena eta Ana Elosegi psikologoak, udaleko Irune Hernandez eta Sergio Corchonekin aurkezpenean.
Gurasoekin eta Gazteekin izeneko programak aurkeztu ditu Irungo Udalak. Biak ala biak gurasoentzat nahiz gazte/nerabeentzat orientazio programak dira, eta duten helburua da harremanak estutzea, gazteen artean, gurasoen artean, eta guraso nahiz seme-alaben artean.
Gurasoak gurasoen talde mugatuekin egiten dute. Astero edo hamabostero biltzen dira talde horiek. Psikologian profesionalek gidatzen dituzte taldeak, zehazki, Ana Elosegik, Gema Campok, Juanjo Villegasek, Ion Arruabarrenak, Andrea Arangurenek eta Begoña Arruabarrenak. Seme-alabekin parentaltasun positiboa bilatzen dute taldeen jardueran, lotura afektiboak indartzeko bidean, enpatiaren, jarreren kontrolaren, arazoak bideratzeko estrategien, eta elkar landutako arauen bidez.
Plazek muga dute. Aurten, zazpi talde egitea proposatu du Irungo Udaleko Gizarte Ongizate arloak, gurasoen beharren arabera antolatuko direnak. Hala, bost taldek hamabosteroko bilkura dinamika izango dute (bi talde 6 urtetik beherako seme-alabak dituztenentzat, 7-11 adin tarteko haurrak dituztenentzako bat, eta beste biak nerabezaroan dauden gazteen gurasoentzat). Beste bi taldeak astero bilduko dira, laguntza behar gehien duten gurasoei begirakoak dira.
Gazteekin
Gurasoekin, Gazteekin programaren osagarri da. 12-17 adin tarteko nerabeentzat da egitasmoa, eta izena ematen dutenak bi taldetan banatuko dituzte: 12-14 adin tartekoak, eta 15-17 artean dituztenak. Emozioak, sentimenduak, arazoei irtenbidea emateko estrategiak, komunikazio ahalmena eta pertsonen arteko harremanak landuko dituzte horietan. Zaharrenen kasuan, espazio zabalak izango dira gazteek euren esperientziak elkartruka ditzaten, betiere haien intereseko gaietatik abiatuta.
Doan eman daiteke izena. Programaren barruko bilkurak ostegunetan egingo dira Palmera Montero guneko 4. aretoan. 12-14 adin tartekoen ordutegia 17:30etik 18:45era artekoa da; 15-17 eremuan dabiltzanen saioak 18:45etik 20:00etara izango dira. Irungo Udalak ikastetxeetara gutunak bidali ditu egitasmo honen berri eman diezaieten ikasleei.
Gema Campo eta Ion Arruabarrena psikologoek koordinatuko dituzte taldeak.
Izen ematea
Gurasoekin eta Gazteekin egitasmoetan izena emateko aukera zabalik dago, urriaren 15era arte. 943 50 51 52 telefono zenbakira deituz eman daiteke izena (010ean ere, Irundik deituz), baita
Irungo Udalaren webgunearen bidez ere.