Girabira egitasmoaren sasoiko hirugarren saioa jasoko du Irungo Gain Gainean parkeak larunbatean. Dantzara bideratutako saioa izango da.
Rouge Elea hendaiarrak izango dira larunbatean Gain Gainean parkean.
Girabira egitasmoaren saio berria egingo dute larunbatean, sasoiko hirugarrena. Aisia, kultura eta Irungo parkeak uztartzen dituen egitasmoaren jarduera berria Gain Gainean parkean egingo dute, egitarau erakargarriarekin. 12:30ean hasiko dira ekitaldiak.
Hasteko, Hendaiako Rouge Elea taldeak Ronde- Bi ahizpa ikuskizuna emango du. Aireko zirkua, poetika, dantza, musika eta objektuen arteko ikuskizuna da.
Hendaiarren ondoren, musika dantzagarria Brasildik. Filipe Santos Bittencourt musikariak erritmo epelak ekarriko ditu, bossa, samba eta folka nahastuko dituen emanaldiarekin. Brasildarraren ondoren, musika dantzagarri gehiago Global Funk Sound System-ekin; DJ Makalak Denis Bren laguntzarekin (perkusioan) belarrean dantza egiteko gogoa jarriko die bertaratzen direnei.
14:30an hasita tailerra ere izango da. Myriam Perez Kazabonek haurrak eta helduak dantza garaikidean trebatzen jarriko ditu.
Girabiran ohikoa denez, piknika egiteko espazioa izango da Gain Gainean parkean. Jakiak eta edariak saltzeko postua ere egongo da.