Santiagotarrak-ek Irun Kirol Sarietan lautik hiru eraman ditu. Klara Olazabal, Borja Estonba eta Oscar Sanchezek irabazi dituzte norbanakoenak.
2018ko Irun Kirol Sarien irabazleak.
Joan den igandean eman zituzten 2018ko Irungo Kirol Sariak, Igande Sasoi egitasmoaren egitarauaren barruan. Santiagotarrak Kirol Elkarteak eraman zituen lau sarietatik hiru, Irungo klub historikoa nagusi izan zen.
Emakume kirolari onenaren saria Klara Olazabal Santiagotarrak-eko palistari eman zioten. Pragako Europako Txapelketan brontzea lortutakoa da Olazabal, eta uztailean, taldekako Munduko Txapeldun izan zen Italian C1 kategorian; Olazabalek ezin izan zuen egon sari ematean, haren aita Juanjok hartu zuen saria.
Gizon kirolari onena Borja Estonba izendatu zuten, Santiagotarrak-ekoa ere. Piraguistak garaipen handialortu du aurten, Sellako jaitsiera. Bitan bigarren izan zen Sellan Estonba, eta aurten bai, hirira ekarri du piraguismoan erreferentzia den lehiaketa.
Kirol egokituaren atalean, Oscar Sanchezek jaso du saria. Hainbatetan parte hartu du Behobia-Donostia proban, eta gainera, Bera Bera saskibaloi taldeko kapitaina da. Slalomeko Espainiako txapeldun ere izan da aurten W6 kategorian, Espainiako marka onena eginez.
Kirol elkarteen atalean, saria, Santiagotarrak Kirol Elkartearentzat izan da. Aski ezaguna da hirian, eta kanpo, egiten duten lana. Hainbat sekzio ditu, eta horietan ehunka partaide ditu. Urtero-urtero sari asko ekartzen dituzte hirira. Ez hori bakarrik, saririk ez lortu arren, hamarnaka dira kirolaren balioez jabetzen diren irundar gazteak klubaren bitartez.
Pedro Alegre Kirol ordezkariak irabazlek guztiak zoriondu ditu, eta aldi berean Irungo kirol elkarteen maila goraipatu du, tartean, Igande Sasoin kirola kalera ateratzen egiten duten lana.