Sei hilabeteko atzerapena izan dela gogoratu dute koalizio abertzaleko kideek, eta maiatzean talde politikoek lehen harremanak izan zituztela.
EH Bilduko kide Dani Berasategi, Jokin Melida eta Joxe Cayetano.
Irungo EH Bildu taldetik adierazi berri dutenez, atzo bertan aurkeztu zuen kreditu aldaketaren proposamena udal gobernuko kide Miguel Angel Paezek, “hainbat hilabeteko atzerapenarekin”. Hala, joan den irailaren 12an
EAJk egin zuen bezalaxe, koalizio abertzaleko bozeramaileek zenbait kontu argitu nahi izan dituzte.
Lehenik, sei hilabeteko atzerapena izan dela gogoratu dute, eta maiatzean talde politikoek lehen harremanak izan zituztela. “Harreman horietan, gobernuak ezin izan zuen bere proposamenen aldeko gehiengorik ziurtatu, eta erantzukizunez jokatu eta herriaren beharrei erantzun ordez, nahiago izan zuen hiru milioi euro kaxoi batean sartu eta hilabeteetan zehar bertan gordeta uztea, gehiengoak lortzeko duen gaitasun eza agerian utziz”, adierazi dute taldetik.
Gainera, aurkeztutako proposamena “egunerokotasuna kudeatzera mugatzen” dela salatu dute, izan ere, zatirik handienak aurrekontu orokorrak jaso beharko lukeena jasotzen baitu euren ustez. Horrez gain, gobernuaren “kudeatzeko gaitasun eza” nabarmendu nahi izan dute.
Amaitzeko, gobernatzeko era eta herri eredu berri baten aldeko apustua berretsi nahi izan dute Irungo EH Bildutik eta ezberdinen arteko adostasunak bilatzeko asmoa adierazi nahi izan dute.