Bidasoaldeko bizikleta erabiltzaileek etorkizuna mugikortasun jasangarrian dagoela ez sinistea leporatu diote Hondarribiko Udalari.
Balazta plataformaren bizikleta martxa, iazko Mugikortasun Astean
Mugikortasun Jaia egingo dute igandean Hondarribian, eta hutsune nabari bat izango du: Balazta, Bidasoaldeko Bizikletaren Aldeko Taldeak ez du aurten antolakuntzan parte hartuko. Balaztak azaldu duenez, udal gobernuak mugikortasun jasangarrian sinisten ez duelako, hartu dute erabakia: “Iaz, jaiegun hori Udalarekin batera antolatu zuen Balaztak, sinetsita baikeunden udalak mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egina zuela. Aurten, aldiz, ekimen hori ez antolatzea erabaki dugu, ez baitzaigu zilegi iruditzen herritarrei garraio jasangarriaren alde egin dezatela eskatzea eta udalak, bitartean, erabat ez sinestea etorkizuna mugikortasun jasangarrian dagoela”.
Balaztak onartu du urrats batzuk eman direla, hala nola, Mugikortasun Mahaia martxan jarri, Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Planaren (HMIP) kontratazioa esleitu, bidegorri zati berri bat egin, beste zati batzuk margotu, eta abar. Baina uste dute abiadura ez dela beharko litzatekeena, eta bide handia dagoela egiteko: “Argi dago gauza batzuk egin direla, baina pentsatzen dugu keinu txikiak baino gehiago aldaketan sinetsi eta mugikortasun ereduaren aldaketa bideratu beharko lukeela udalak, kotxe pribatuaren menpe bizi ez den hiri baten ereduaren alde eginaz”.
Balaztak kritikatu du herritik sartu eta ateratzeko auto-ilarak “eguneroko arazoa” direla, kotxeak aparkatzeko arazoak auzo guztietara zabaltzen ari direla, eta arazo horiek “okerragora egiteko itxura” dutela. Mugikortasun jasangarriaren aldeko hautua “lehentasunezko gaia” dela deritzo Balaztak, eta neurriak eskatu ditu: “Oinezko, bizikleta eta garraio publikoaren erabilpenaren aldeko jokabideak bultzatzea eta kotxe pribatuaren aurrean diskriminazio positiboko politikak sustatzea, eta ez alderantziz”. Ausardia eskatu diote udalari, eta adibide bat jarriz egin dute: “Garai batean Portu auzoa oinezkoentzako laga zen bezala, uste dugu egun halakoxe ausardia behar dela bidegorrien gaiari behar bezala heltzeko”.
Mugikortasun Jaia antolatzeari uko egin dion arren, udalari eskua luzatu dio Balaztak, “modu eraikitzailean” lan egiteko: “Uste dugu, bizikletaren erabiltzaile gisa, gure herrian mugikortasun jasangarria hobetzeko egin dezakegun ekarpena lagungarria izan daitekeela, horrekin zerikusia duten ideiak proposatuta, besteak beste”.