Hilaren 26an epaituko du Parisko epaileak Iratxe Sorzabal irundarra; bere aurka Madrilek egindako euroagindu eskaerak ebatziko dituzte.
Beste behin elkarretaratzea egingo dute irundarrek.
Irungo Kalera! dinamikak elkarretaratzea deitu du datorren hilaren 25erako (asteartea). Hilaren 26an epaituko du Parisko epaileak Iratxe Sorzabal irundarra; bere aurka Madrilek egindako euroagindu eskaerak ebatziko dituzte. 19:30ean egingo dute elkarretaratzea, San Juan plazan.
2001eko martxoaren 31n Iratxe Sorzabal “modu basatian” torturatu zutela gogoratu dute dinamikatik. “Oraindik, Madrilgo ospitale batean atera zizkioten argazki lazgarriak gordetzen ditugu gure begietan”. Denbora gutxira aske utzi arren (kargurik gabe), berriz ere atxilotu zuten eta Madrilek hiru euroagindu eskaera tramitatu zituen, irundarra estraditatu ahal izateko. Estraditazio eskaera horiek “garrantzi handiko hutsuneak” zituztela salatu dute Kalera!-tik, ez baitzuen adierazten Guardia Zibilak atxilotu zuenean torturatik jasan zuenik.
2017ko abenduan ordea, epaile frantziarren bista bat egin zuten Parisen euroaginduak onartu ala ez ebazteko, eta ondorioz, martxoaren 28an kasuari buruzko informazio osagarria helaraztea eskatu zuten. “Froga horiek sinesgarriak eta erantzunezinak izan ziren”.
Datorren hilaren 26an (asteazkena) izango du hurrengo bista Sorzabalek, eta orduan hiru euroagindu horiek onartu ala ez erabaki beharko dute Parisko epaileek. “Torturaren praktikak denborarekin irauteko, hainbat konplizitate eta laguntza behar izan ditu. Bestela ezinezkoak ziratekeen txostenak jasotako milaka kasu horiek. Torturak sare bat behar du, polizia indarrek, mediku forentseek, epaileek, hedabideek eta alderdi politikoek ehuntzen dutena”, salatu dute Irungo Kalera!-ko kideek. Hala, Frantziako, Espainiako, EAEko eta Nafarroako gobernuei neurri legalak hartzea eskatu diote, “tortura kasuak berriro ere gerta ez daitezen”.
Irundar guztiei luzatu diete bertaratzeko deialdia.