Uranzu pilotaleku berriaren oinarrizko egitura egina dago dagoeneko. Abenduan hasi ziren lanak, eta 16 hilabeteko epean burutuko dituzte.
Itxura hau dute, gaurko egunez, Uranzuko lanek.
Aurrera doaz Uranzu pilotaleku historikoa birmoldatzeko lanak. Iazko abenduan hasi ziren makinak kirol azpiegitura berritzen, eta gaur udal ordezkariek zein Kurpil Kirolak elkarteko kideek zuzenean ikusi dutenez, ondo doaz lanak. Nabarmendu dute pilotalekua inguruan ederki txertatuko dela, batez ere, Sargia alderako sarrera/irteera izango duelako. San Martzial kalearen berritzearekin eta Urdanibia plaza berriarekin, Alde Zaharraren itxura zeharo aldatzen ari dela ziurtatu dute. Abendutik, 16 hilabeteko egikaritze epea dute lanek.
Gaurko bisitan Pedro Alegre Kirol ordezkaria, Cristina Laborda Bide Publiko eta Lan ordezkaria, Jose Antonio Santano alkatea eta Kurpil Kirolak elkarteko presidente Juanjo Aldako izan dira. Aurrez aurre ezagutu dute zertan den frontoiaren birmoldaketa. Hala, Sargiako sarrera berriaren, harmaila berrien eta pilotaleku txikiaren hormigoizko egiturak eginak daudela ikusi dute. Gainera, aldagelen, biltegien eta komunen egitura ere ikus daiteke. Obra egiterakoan genero ikuspegia kontuan hartu dute, eta bertan zeuden zonalde ilunak ezabatzera jo dute.
Behin lan guztiak eginda (4,5 milioi euroko aurrekontua dute, horietatik 600.000 euro aldundiak emanak), kirol azpiegiturak osotasunean 4.163 metro koadroko azalera izango du hiru solairutan banatuta. Besteak beste, harmailak handituko dituzte, adibidez, pilota profesionaleko partida handiak jaso ahal izateko: 727 ikuslerentzako tokia izango du pilotalekuak partida horietarako (egun 480 eserleku ditu). Aldi berean, harmailen zati bat jasotzen direnetakoa izango denez, kantxako beste kirol batzuk egin ahal izango dira bertan.
1930eko hamarkadan eraiki zuten Uranzu. Kirol ekitaldi garrantzitsuez gain (pilota partidak, edo Bidasoaren garai bateko partidak), kultur ekitaldi entzutetsuak egin dira bertan.