Zentsura mozioa oraindik posiblea den arren, margenak astetik astera murrizten joaten ari direla salatu dute koalizio abertzaletik.
Dani Berasategi, Jokin Melida eta Joxe Cayetano EH Bilduko zinegotziak.
Joan den uztailean, Irungo Si se Puede taldeak, EH Bildu eta EAJren babesa jaso ezkero, zentsura mozioa aurkeztuko zuela jakinarazi zuen. Gaur berriz, EH Bilduk hausnarketa propioa egin du, eta herritar guztiekin elkarbanatu nahi izan du.
“Egia da, zentsura mozio hitza esaten lehenengoak izan ginela. Guk garbi hitz egin dugu beti, gure ustez, PSEren eredua agortuta dago eta bada garaia Santano jauna, alkate berri bat izateko”, adierazi dute koalizio abertzaletik. Irunek “bultzada berri” bat behar du EH Bilduko kideen ustez, eta hori bakarrik udal gobernu aldatzearekin lortuko dela diote. Era berean, irundarron ongizatea hobetuko duen ereduan lanean tinko jarraituko dutela esan dute.
Joan den urtarrilean, udaletxean “gehiengo alternatibo” bat osatzeko ate bat ireki zela gogoratu dute, eta hori sortzeko, nahi eta ez SPI eta EAJrekin egin beharko litzatekeela esan dute taldetik. Horrek, ordea, zailtasun asko dakartzala diote, “gehienbat gure proiektuak ezberdinak direlako”. Azken hilabeteotan gehiengo berri hori osa zezaketen taldeekin hitz egin dutela jakinarazi dute, eta ondorengo gogoeta utzi dute, hitzez hitz hurrengo puntuetan datorrena:
- “Zentsura mozioa duela hilabete batzuk posible zen, eta posible izaten jarraitzen du, baina egia da ere, margena astetik astera murrizten doala, hauteskundeak 8 hilabete barru izango baitira”.
- “Irungo EH Bildun beti esaten dugun bezala, argiak eta koherenteak izaten jarraituko dugu, eta gure hiru zinegotzion bozkak zentsura mozioaren alde jartzen ditugu gehiengo alternatibo bat osatzeko”.
- “SPIren adierazpenak entzun ondoren, EAJk dauka azken hitza. Talde honek dauka giltza, EAJri dagokio azaltzea zein den bere posizionamendua zentsura mozioaren aurrean”.