"Jazarpenak ezkutatu eta gertatutakoari buruz irudi distortsionatua" zabaltzea leporatu diete komunikabideei Arma Plazan eskaini duen prentsaurrekoan.
Arma Plazako egoitza parean eskaini du prentsaurrekoa Alarde Fundazioak
“Lintxamendu mediatikoa” bizitzen ari dela salatu du gaur Alarde Fundazioak Arma Plazan duen egoitzaren atarian eskaini duen prentsaurrekoan. Kazetariak inguratuz, ehunka pertsona bildu dira Alarde tradizionalari babesa emateko, sare sozialen bitartez zabaldutako deiari erantzunez. Iñaki Sagarzazu burgumaisuak gaztelaniaz soilik irakurri du fundazioaren oharra, eta irakurri aurretik, galderarik gabeko agerraldia izango zela ohartarazi du fundazioak.
Atzo HITZAren galderei erantzunez ez bezala (irakurri
Hondarribiak urte asko atzera egin zuen eguna erreportajea), gaurkoan Hondarribiko Alardea antolatzen duen erakundeak ez ditu “eraso guztiak” kondenatu. Ez die men egin
zenbait hedabideetako kazetariek hilaren 8an jasotako erasoei, ezta Jaizkibel konpainia parekidearen edota haien jarraitzaileak pairatutakoei. Bere hizketaldian, “emakumeen eskubideen alde borrokatzen omen dutenen aldetik, Alardearen zain zauden ikusleek berau hasi baino lehen jasan zituzten eraso eta krispazioa”, izan ditu hizpide Sagarzazuk. “Gure ardura da emakumeekiko eta gazteekiko, gehiengoak adin txikikoak, gertatu ziren jarrera erasokorrak salatzea”, esan du.
Erakundeei eraso horiek ezkutatzea leporatu die burgumaisuak irakurritako testuak: “Erakundeetatik koldarkeria hutsa erakusten da, iluntasunean mantenduz eta gertatutakoa manipulatuz, hiritarren iritzian eragin nahian”. Halaber, hainbat komunikabideei “hausnarketa egiteko gonbidapena” luzatu die: “Onartezina deritzogu egiazkotasunari egiten dioten muzina, gaia partzialki tratatzea eta inposatuta duten ildo editorialarekin bat ez datozen irudien gainean egindako zentsura”. Fundazioaren hitzetan, “harrigarria da jasan diren jazarpen, larderia eta oldarkeria kasu larriak” inongo hedabideetan agertu ez izana, eta komunikabideek, “erasotzaileak biktimizatzea eta neskatoak oldartzaile arriskutsu” gisa aurkeztea bilatu nahi izan dutela gaineratu du.
Alarde Fundazioaren iritziz, “elkarren aurkakoak diren iritziak espazio eta denbora berean bat egitera behartu izanak” ez du laguntzen “errespetuzko espaziorik” sortzen, eta soluzioa proposatu du: “Logikoena litzateke ikuspegi bakoitzak bere espazio eta denboraz gozatzea, gatazka eragiten duten inposiziorik gabe, konfrontaziorik gabe, kanpoko esku-hartzerik gabe, alderdi bakoitzak dituen benetako jarraitzaileak erakutsiz, aukera bereko baliabideekin, eta ospakizunetarako batek bestearen ikusleez baliatu behar izan gabe, norberak erabakiz, askatasun osoz eta inongo presiorik gabe, Alardea nola ospatu nahi duen”.
Bukatzeko, hondarribiarrei bere esker ona azaldu die Alarde Fundazioak, “beraiei esker egin ahal izan baita Alardea urtez urte”. Alardearen garapenaz “harro” daudela gaineratu du Sagarzazuk: “5.000 parte hartzaile baino gehiagorekin, espaloietatik jasotako txalo eta zirrararekin, bai goizean eta baita arratsaldean ere; honek erakutsi du, beste behin ere, oroimen hau inoiz baino biziago dagoela”.