Jaizkibel konpainiak erakundeei biltzeko exijitu die, larunbateko irudiak atzean uzteko. HITZAk eragile desberdinen iritziak bildu ditu.
Jaizkibel konpainiaren atzoko agerraldia
Hondarribiko Jaizkibel konpainia parekideak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo arratsaldean Santa Maria ateaurrean, hilaren 8an gertatutakoaz iritzia adierazteko. Izaskun Larruskain kapitain izandakoak eta Iratxe Etxeberria aurtengo kantinerak oharra irakurri zuten, atzean konpainiako zientoka kide eta jarraitzaile zituztela. “Aski da” esateko baliatu zuten agerraldia, eta “erakundeen utzikeria salatzeko”. Haien hitzetan, “aitzakia” baino ez da jaia bizitzeko bi era daudela esatea: “Emakumeon parte hartzea aldarrikatzen duen konpainia batek Kale Nagusiko ibilbidea egin zuen, eta beste aldean, plastiko beltzen itzalpean, guri eraso egin zigun jendea egon zen. Ez zen festa bizitzeko beste modu bat, eraso argi eta garbia baizik”.
Inpunitaterik onartuko ez dutela argi utzi zuten, eta erakundeei dei egin zieten, 2019ko irailaren zain egon gabe, haiekin bildu daitezen. “Urteak dira gure kontrako erasoak eten ez direla, eta urteak dira,
normaltasuna omen zegoela zioten instituzioen urteroko mezuak irakurri behar ditugula. Ez, hemen Hondarribian gertatzen dena ez da normala. Bada garaia gertatutakoa esku artean hartu eta lanean has gaitezen”. Baina baldintzak jarri dituzte: “Ez gaude prest berriz ere larunbatekoa bizitzeko. Aski da. Ez dugu onartuko inpunitate hau. Ez ditugu eraso hauek onartuko. Eta ez dugu onartuko konponbidearen izenean gu ez ikusteko proposamenak mahai gainean egotea”.
Haserre dago Jaizkibel larunbatean Kale Nagusian gertatutakoagatik, baina positibotik ere izan dela adierazi zuten atzo: “Hilaren 8a ez da soilik Kale Nagusia, 8a Portua ere bada, eta Alde Zaharra eta herriko beste milaka txoko. Eta bertan, ez dago gutxiengo batek antolatutako eraso koordinaturik, bertan irribarreak, txaloak, agurrak… daude, bertan festa dago. Bertan, gu ikustera datozen hondarribiarrak daude, Kale Nagusian gertatutakoaz lotsatzen diren herritarrak”. Dagoeneko hilaren 8an desfilatzen duen konpainia handiena da Jaizkibel, eta hori ere nabarmendu zuten atzoko prentsaurrekoan: “Geroz eta konpainia handiagoa gara, geroz eta babes gehiago daukagu, geroz eta jende gehiagok egoera honi buelta ematea nahi du”.
Arratsaldean babes handia izan zuen Jaizkibelek Kale Nagusian gora
Horregatik guztiagatik, “larunbateko irudiak atzean utzi eta behingoz alarde bakar bat, publikoa eta parekidea” lortzeko garaia dela esanez bukatu zuen atzoko prentsaurrekoa Jaizkibel konpainiak.
Hurrengo lerroetan, aste honetan bildutako erreakzioak jaso ditu HITZAk, hotzean, Alarde eguneko berotasunetik kanpo:
Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkatea
Aurten hilaren 6ko goizaldeko hiruretan hasi ziren alarde tradizionalaren zale amorratuenak Kale Nagusiko bi espaloietan lekua hartzen. Kalearen aurretiazko okupazioa ekiditeko neurriak hartuko ote dituen galdetu dio HITZAk Hondarribiko alkateari. “Udaltzaingoa erne egongo da, hiriko gainontzeko gune guztietan gerta daitekeenaz egoten den bezala”, erantzun du.
Jaien balorazioa egiterako orduan, “bizikidetzan zailtasunak” aipatu ditu alkateak, baina ez du kondena hitzik ala halakorik erabili: “Azken urteotan pausoak eman dira bizikidetza hobetu dutenak, bai aurreko egunetan baita irailaren 8an ere, baina aurten ez da hobetzea lortu, eta irailaren 8ko zenbait unetan tentsio fuerteak egon dira. Hortaz gain, argi utzi nahi dut bizikidetzari kalte egiten dioten gertakarien aurrean eraso guztien aurka gaudela, bizikidetza oinarrizko elementua iruditzen zaigu eta”.
Hori bai, hausnarketa egiteko beharra adierazi du Sagarzazuk: “Hausnarketa sakona egin beharrean gaude denok. Udalean elkarbizitza lantzen ari gara alderdi guztien artean, eta argi daukagu zentzu horretan lanean jarraitu behar dugula”.
Hondarribiko Abotsanitz
Udal oposizioko talde nagusiak “oso larritzat” jo ditu Kale Nagusiko gertakariak, eta herriko beste guneetan halakorik gertatu ez zela nabarmendu dute, hots; Kale Nagusikoak ez duela balio Alarde egunean herrian bizitu zen giroa azaltzeko: “Oso larritzat jotzen dugu aurrez prestaturiko ekimenak izan zirelako eta horrek nabarmen trakestu zuelako jai giroa”. Eraso, irain eta pertsonekiko errespetu falta arbuiatu eta bereziki babesa adierazi diete “egoera jasangaitza sufritu zuten adingabeei eta komunikabideetako profesionalei”.
Abotsanitzek uste du agerian geratu dela “herritarren arteko hizketarako beharra inoiz baino handiagoa” dela. Orain arte, lan hori “isilpean” egitearen alde agertu da udaleko bigarren alderdia, baina urratsa emateko proposamena egin du: “Bide horretan aurrera jarraitzeko ezinbestean isiltasunetik publikotasunerako urratsa egitea ezinbestekoa deritzogu. Elkarrizketaren bideari inoiz baino indartsuago eusteko beharra ikusten dugu eta egiten den lan hau modu pribatutik publikora egiteko urratsak egiten saiatuko gara”.
Kontrako erantzun anitza izan du Kale Nagusian gertatutakoak
Hondarribiko EH Bildu
Hilaren 8an Kale Nagusian gertatutakoa gogor salatu du Hondarribiko EH Bilduk komunikabideei bidalitako ohar baten bidez: “Desfile parekidearen aurkako boikota eta gorroto adierazpena gaitzesten dugu”. Ekitaldi antolatua izan zela, eta erakunde publikoek ez zutela eragotzi kritikatu du: “Hondarribiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ahalbidetu dute Kale Nagusiaren okupazioa eta berdintasunaren aurkako boikota. Ertzaintzak ez ditu plastiko beltzak, irainak, gutxiespen portaerak eta konpainiaren desfilea desitxuratzea eragotzi. Udaltzaingoak, bide beretik, ez ditu haien mezu, kartel, plastiko, etab. eragotzi, baina arin eta prestu, kendu ditu berdintasun eta babes mezuak zituzten pankartak”.
Oinarrizko eskubideen urraketa izan zela deritzote, “adierazpen askatasunarekin zerikusirik ez” duena: “Herriko jaiak modu desberdinean ulertu eta bizi daitezke, jakina; beti ere, oinarrizko eskubideak urratu gabe eta elkarren errespetuan”. Herriko jaiak herritar guztienak direla gehitu du, publikoak, ez pribatuak: “Erakunde publikoek ezin utz dezakete eremu publikoa eta kultur ondare munizipala elkarte pribatuen esku; are gutxiago, gorrotoa zabaltzeko eta boikota egiteko bada”.
Elkarbizitza “hautsi delako” kexa azaldu du Hondarribiko EH Bilduk, “errespetuzko elkarbizitza” erakundeen ardura dela iritzi du, eta “konponbiderako oinarriak jar ditzala” eskatu dio alkateari: “Gu aldamenean izango gaitu langintza horretan, izan udalgintzan zein herrigintzan”.
Alarde Fundazioa
Hondarribiko Alardea antolatzen duen Alarde Fundazioak prentsaurrekoa eskainiko du gaur arratsaldean, alardeaz, oro har, eta “irailaren 8an gertatutako beste gai batzuk” baloratzeko, baina HITZAk egindako galderei erantzun die aurretik. Fundazioak tristura azaldu du Kale Nagusiko giroagatik, eta bertan izan ziren erasoak gaitzetsi ditu: “Kale Nagusian gertatu ziren eraso guztiak, herritarrek eta kazetariek pairatutako eraso guztiak, gogor kondenatzen ditugu, ezin dira onartu”.
Alarde Fundazioaren esanetan, “hausnarketa sakona” egin behar da, bizikidetzan atzera zergatik egin den argitzeko. “Lan egiten ari gara, eta lanean jarraituko dugu bakoitzak kalean errespetuz bere espazioa eduki dezan”. Bide horretan, beste eragileekin hitz egiteko prest azaldu da Alarde Fundazioa, baina ez du zehaztu Jaizkibel konpainiarekin ere elkartuko ote den: “Hitz egingo dugu, hitz egin behar direnekin, horretarako aukera iristen denean”.
Eider Mendoza. Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea
Goizeko desfilea bukatu eta gero jakin izan zuen Eider Mendozak Kale Nagusian gertatutakoaren berri, berak aurrerago, Sainduarako bidean ikusi baitzuen Jaizkibelen desfilea. Egun batzuetara, errespetua eskatu die bere herrikideei: “Hondarribiak behar du festa bakean ospatzea eta Alardean era batera eta bestera natural eta begirunez atera ahal izatea”. Bere ustez, “pertsona zentzudunak” behar dira gatazka gainditzeko: “Korapiloa askatzeko, bi aldeetan pertsona zentzudunak behar dira, elkarrizketarako gai direnak, Alardea bakean bizi nahi dutenak, pentsatzen dutenak protagonismoa sobran dagoela, eta iraina, zigorra eta bestea menperatzea ez direla bidea; funtsean, borondatea dutenak keinu sinbolikoak asmatzeko eta urratsak egiteko. Ziur nago badaudela horrelako pertsonak”.
Hori bai, soluzioa herrikoek asmatu behar dutela deritzo, eta kanpokoek lagundu: “Arazoa konpontzeko ekimena bertakoei dagokiela iruditzen zait eta gainerakoak laguntzeko gaudela”.
Jaizkibelen kontrako kartel bat, goizeko igoeraren hasiera
Maribel Vaquero. Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubide saileko zuzendaria
Hilaren 8aren aurretik oharra argitaratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, plastiko beltzik ez ateratzeko esanez. Ez aldundiaren eskakizuna, ezta Segurtasun Sailaren erresoluzioa ere ez zuten bete hilaren 6ko goizaldetik Kale Nagusiko espaloiak okupatu zituztenetako askok. Are gehiago,
Betiko Alardea lelodun kartelekin, txistu hotsekin eta oihuekin estali zituzten konpainia parekidearen igoera nahiz jaitsiera.
Maribel Vaquero Bizikidetza eta Giza Eskubidetako foru zuzendariaren ustez, “inork desio ez zuen egoera” bizitu zen Alarde egunean: “Benetan tristea izan da asteburu honetan Hondarribian ikusitakoa. Inork desio ez zituen egoerak bizi izan ziren eta, horren aurrean, orain arte egindako lanari eutsi eta indartzeko beharra ikusi dugu. Hori dela eta, orain arte bezala, diskreziotik lan egiten jarraituko dugu Gipuzkoako Aldunditik elkarrizketa eta pedagogia sustatu dadin herritarren artean”.
Vaqueroren aburuz, diskrezioa behar da Hondarribiko nahiz Irungo gatazkak gainditzeko: “Argi gelditu da diskreziotik egindako lana dela benetan baliagarria eta ez hedabideen aurrean soilik egiten diren azken uneko adierazpenak. Lan trinkoa egin nahi badugu Hondarribia eta Irunen, hori da jarraitu beharreko bidea, jakin badakigulako irtenbidea epe ertain edo luzera bilatuko dela, eta bi kasuetan, herritarren eskutik etorriko delako zati handi batean”.