Ikasturte politiko berriari begira jarri dira. Azken 8 urteotako ibilbidea aztertzeaz gain, datorren urteari begira dituzten erronkak zehaztu dituzte.
EH Bilduko kide Dani Berasategi, Jokin Melida eta Joxe Cayetano.
Ikasturte politiko berriari begira jarri dira Irungo EH Bildu taldeko kideak. Azken 8 urteotako ibilbidea aztertzeaz gain, datorren urteari begira dituzten erronkak zehaztu dituzte.
“2011n ezkerrekoak eta burujabeak diren indar metaketaren aldeko apustua egin genuenetik ia 8 urte igaro dira”, gogoratu dute lehenik. Ordutik, gobernatzeko, eredu berriak daudela erakusketako eta akordioetara iristeko gai izan direla nabarmendu dute, Irunen “ezkerreko alternatiba erreal” bat dagoela.
Hala, “sustraiak ahantzi gabe”, instituzioetan lan egiteari heldu diotela adierazi dute, beti ere, herritarrak erdigunean jarriz. Taldeak “heldutasuna” lortu duela uste dute eta ondorioz, “errotuta dauden talde eta proiektu batez” aritu daitezkeela. Datorren kurtso politikoa hauteskunde kurtsoa dela gogoratu dute, eta aurretik erronka handiak dituztela. “Zoritxarrez, Irun geldirik dago, paralisi egoeran dago”, adierazi dute koalizio abertzaletik. Aurretik, Via Irun bezalako proiektu handiak daudela adierazi dute, baina taldean beldur dira “proiektu pertsonalista” bilakatu ote den.
Era berean, taldeko kideentzat, gobernatzeko modu berriak behar dira, herritarren ongizatearen hobekuntzan eragingo dutenak. “Irunek traktore berria behar du: merkataritza, aparkalekua, etxebizitzaren egoera kaskarrari besterik ez zaio begiratu behar. Eta honetarako erremintak, egon badaude, baina beste norabide bat eman behar zaie, Bidasoa Bizirik, Txinzer eta Irunviz ari gara, hau da, ekonomiaz, energiaz eta etxebizitzaz ari gara”.
Irunerako etorkizun proiektu bat egiten ari direla nabarmendu dute, eta eraketa prozesu hori herritarrekin egin nahi dute. “Une ezin hobea da, Irun bizirik dago, eta frogarik argiena aktibo dauden mugimenduak dira: M8, pentsionisten mugimendua, migranteen aferaren aurrean sortutako harrera sarea eta abar”.
“Urteetan konpondu gabeko” kirol instalazioen arazoa, migranteen afera edota Olaberria bailarako plan berezia aurrera eraman ahal izateko udalak dituen tresnak baliatu nahi dituzte. “Egungo egoera honek erakutsiko digu akordioak zein norabidetan ematen diren, eta udal gobernu honek duen akordioetara iristeko borondate eta gaitasuna… Gure aldetik, beti bezala, prestutasun guztia azaltzen jarraituko dugu Irunen aldeko proiektuak sustatu nahi dituzten indar politikoekin”.