LAB-ek eta Arartekoak Jaizkibel konpainia babestuko dute
Sindikatuak eta erakundeak atxikimendua adierazi diote Jaizkibeli. LAB langileei Jaizkibel babes dezatela eskatu die, "desfilatzen nahiz espaloitik".
Bihar da Hondarribiko Alardea. Horren harira, erakundeak eta eragileak hainbat mezu helarazten ari dira Jaizkibel konpainiari babesa emateko. EH Bilduk, Denis Itxaso Kultura diputatuak eta Ahala Dugu-k dagoeneko baietsi dute Jaizkibel konpainiaren desfileari harrera egiten egongo direla. Zerrenda horrek partaide berriak ditu: LAB sindikatua eta Arartekoa. Gaur iritsi dira azken bi horien mezuak Jaizkibel babesteko. Julia Hernandez Valles, Arartekoaren ondokoak, ordezkatuko du bihar erakundea Jaizkibelen harreran. Erakundeak adierazi du bere misioa jarduera publikoan berdintasun eskubidea bermatzea dela, eta bide horretan Alardean pertsona guztiek parte har dezaten lan egiten ari dela, “Alardea Hondarribiko ondare inmateriala delako, baita Euskal Herrikoa ere”. Tokiko erakundeekin elkarlana sustatzeko konpromisoa hartu du Arartekoak, herritar guztiak ordezkatuko dituen Alarde baten alde lan egiteko. Gainera, azken urteetan gaian tentsioa apaldu egin dela ziurtatu du erakundeak, baina oraindik gatazka badagoela. LAB: “Zuei esker Euskal Herriko emakumeak libreago gara” LAB sindikatuak Jaizkibel konpainiak 25 urteetan egindakoa goraipatu du. “Zuei esker Euskal Herriko emakumeak libreago gara” baietsi du. Horregatik, bihar, Jaizkibelen lana goraipatzera eta harekin bat egitera deitu ditu herritarrak eta langileak, “desfilean nahiz espaloian txaloka”. LABen ustez emakumeak alardean ateratzea ekintza iraultzailea izan zen, “baina bultzada iraultzaile orok badu bere antitesia den erantzuna, eta ekintza honek ere izan du berea. Herriko sektore atzerakoiek emakumeen eskubideak praktikara eraman ez zitezen antolatuz gogor erantzun zuten, urteetan zehar luzatuz gatazka”. Horrela, sindikatuak adierazi du “25 urtean borrokan egin diren emakumeei esker, bai eta emakume langilearen askatasunaren alde lanean egon diren emakume guzti horiei esker, testuinguru politiko zein sozialean aldaketarako aukerak begien bistan jarri dituztela”. Gaiarekin lotura duten albisteak: