Beka Gazteartean egitasmoaren bitartez garatuko da. 35 urtetik beherakoek aurkez ditzakete egitasmoak, banaka edo taldeka.
Eunate Encinas eta Monica Martinez, gaur, bekaren aurkezpenean.
Gazteartean egitasmoaren barruan, Irungo Udalak haurtzaroa, nerabezaroa eta gaztaroa ikertzeko bekaren berri eman du gaur, Gazteartean Ikerketa Beka. Horren helburua da gazteen artean ikerketaren alorra sustatzea, udalaren eta gazteen artean lan lerro berria sortuz. 35 urtetik beherakoek izango dute beka hori lortzeko aukera. 8.000 euroko ekarpena izango du onuradunak ikerketa lana garatzeko, eta eskatzaileek kontuan hartu beharreko baldintza izango dute: ikerketa Irunen zentratu behar da.
Beka esleituko duenak zortzi hilabeteko epea izango du ikerketa lana egiteko. Eta ez dute mugatu ikerketa lanen ohiko idatzizko euskarrira: ikerketako gogoetak dokumental, maketa, argitalpen, edo garatzeko moduko prozesu baten bidez aurkez daitezke. Gai aldetik ere zabala da, eta bekaren gaurko aurkezpenean Monica Martinez Gazteria ordezkariak eta Eunate Encinas teknikariak adierazi dutenez, gazteen kasuan emantzipazioaz, mugikortasunaz, gizarte balioez hitz egin daiteke; haurren kasuan haien aisia ohiturak jaso ditzakeen dokumentala egin daiteke; edo Irunen gazteenek gara dezaketen egitasmo bat bildu daiteke. Hirian gazteentzako egokitu daitekeen espazioez ere egin daiteke lana, udal ordezkariek iradoki dutenez.
Beka norbanakoek, edo ikerketa lana egiteko espresuki sortu diren taldeek eska dezakete. Hori egiteko, 35 urtetik behera izateaz gain, gradua edo unibertsitate ikasketak eskatzen ditu udalak.
Oinarri zehatzak
Irungo Udalaren webgunean aurki daitezke. Beka eskaerak azaroaren 5a baino lehen egin behar dira, HAZ bulegoan.