Pasa den igandetik (hilak 26) astelehenerako (hilak 27) gau horretan egin behar izan zuten lo kalean, eta erakundeek eskainitako aukera bakarra Bilbora itzultzea izan dela salatu dute.
Joan den uztailean Irungo udaletxean egindako gosari solidarioaren irudia.
Irundarrek herri bezala erantzun diote azken hilabetean hiritik igaro diren migratzaileen egoerari, behar dituzten beharrei erantzunez. Hala, Irungo Harrera Sarea osatu berri dute hirian, eta bertan Adiskidetuak, Amnesty International, Erletxea, Helduak, Hotz, Lakaxita Gaztetxea, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Stop Desahucios, SOS Arrazakeria eta Zero Probezia eragileek hartu dute parte.
Gaur bertan taldetik jakinarazi dutenez, azken egunotan bost emakumek eta ume batek kalean lo egin behar izan dute, ukatu egin baitiete trantsizioan dauden pertsonentzako aterperako sarrera. Emakume horietako bat, gainera, haurdun dagoela nabarmendu dute eragileek. Pasa den igandetik (hilak 26) astelehenerako (hilak 27) gau horretan egin behar izan zuten lo kalean, eta erakundeek eskainitako aukera bakarra Bilbora itzultzea izan dela salatu dute. Hala, bi emakumek Bilbora itzultzea onartu zutela kontatu dute Harrera Sareko kideek, baina inork ez zituela jaso ikustean, lorategi batzuetan pasa behar izan zuten gaua. Gainontzeko hiru emakumeak, ordea, Irungo kaleetan geratu dira. Eragileek diotenez, Gurutze Gorritik bost emakume horiei aterpeak beharrezko baldintzak betetzen ez dituela jakinarazi zieten.
Osatu berri duten saretik salatu dutenez, Gurutze Gorriak hartutako neurria “erabat desegokia” da. “Bestalde, bidean atzera egitearen edo bitartekoei uko egitearen artean aukeratu behar izana ez dirudi egokiena, bereziki laguntza humanitarioa eta soziala eskaintzen jarduten duen erakunde baten eskutik. Izan ere, pertsona hauek, gehienetan, desorientatuta eta egoera prekarioan iristen dira, eta bidaian aurrera egitea da haien helburu bakarra”, adierazi dute.
Era berean, Leka Eneako aterpean dauden migranteei ere jateko aukera ukatu dietela salatu dute, erabaki “ulertezina” taldekoentzat. Egoera horren aurrean, sare berriak Lakaxita Gaztetxea erabili behar izan du, eta diotenez, hura izan da Leka Eneako instalazioetan ezarritako orduetan hartuak izan arteko itxaroteko gune nagusia. Horregatik guztiagatik, bi eskaera zehatz egin dituzte. Hitzez hitz, honakoak dira:
- Irailaren 1aren ondoren, beharrezko baldintza egokiak dituen beste lekuren bat prestatzea, trantsizioan Irundik pasatzen diren edo dagoeneko bertan dauden 60 pertsona baino gehiagorentzat, gizon nahiz emakume, hau da, toki bat lo egiteko, dutxatzeko, eta asteko egun guztietan jan ahal izateko. Horrek gizon eta emakumeen beharren arreta integrala dakar berekin.
- Irungo Udalarekin elkarrizketa edo komunikazio zuzena eta erraza, hori baita gertuen den erakundea, eta erakunde publikoek ez uztea harrera eta betebeharrak soilik Gurutze Gorriaren eskuetan. Gaur-gaurkoz Sarearekin egoera konkretu eta zehatzetarako du soilik hartu emana udalak. Akatsa iruditzen zaigu toki erakundeak Harrera Sarea ez baliatzea, optimizatzea eta aitortzea, are gehiago udaletxetik zabaldutako ohiko diskurtsoak bereziki hiritarren parte hartzea azpimarratzen duenean.
Helburu horiek lortu arte, lanean tinko jarraituko dutela adierazi dute Harrera Saretik. Bitartean, 40-43 neurri arteko zapatak eta 36tik 40 arteko galtzak jasotzeko bilketarekin hasi dira. Astearte eta ostegunetan entrega daitezke, 17:00etatik 19:00etara, Lakaxitan bertan.