Azken hilabetean hiriko gazte talde batek Erlaitz taldea sortzea erabaki du, hiriko gazte mugimendua "eraldatzeko" asmoz.
Eragile berriaren aldarrietako bat.
Irunek gazte eragile berria du. Azken hilabetean hiriko gazte talde batek Erlaitz taldea sortzea erabaki du, hiriko gazte mugimendua “eraldatzeko” asmoz.
Mugimendu berritik diotenez, “begi-bistakoa” da azken urteetan militantziak behera egin duela, eta egoerari buelta emateko borondatea egon den arren, egoerak “okerrera” egin duela salatu dute. Independentzia, sozialismoa eta feminismoa. Horiek dira eragile berriaren hiru zutoin nagusiak. Azken hilabeteotan egindako hausnarketaren ondoren, hurrengo ondoriora heldu dira Irungo gazteak: “Irunen gazte-militantziarako espazio berri bat sortu beharra dugu, orain arte herrian izandako bideorria irauliz”.
“Geure helburuekiko konpromisotik eta oinarri politiko iraultzaileetatik abiatutako ikuspuntu kritikoak, ohituta geunden mugetatik harago joatera behartzen gaitu, egoerak berak marra gorri asko urratu baititu eta”, adierazi dute. Era berean, Ernai gazte antolakundeak dituen “gabeziak” arazo horren parte direla nabarmendu dute, eta eragile berriarekin, Irungo gazte abertzale, sozialista eta feministak piztea ahalbidetuko dutela.
Klase perspektibatik errealitatea ikertu eta erreformismoa baztertuko duen lantalde gisa definitu dute taldea, “Euskal Nazio Askapen Mugimenduari bere ekarpena” egin nahi diona alegia. Taldearen aldarrien artean, euskal preso politiko guztien askatasuna eta amnistia osoa aurki daitezke.