Azken asteotan, SOS Arrazakeriak, Erletxeak eta bestelako gizarte eragile ugarik salatu dutenez, migratzaile talde bati bizkarra eman diote Irunen.
Joan den uztaila amaierako irudia. Udaletxeko arkupeetan izan ziren gizarte eragileetako eta EH Bildu eta Ahal Duguren kideak.
Azken asteotan, SOS Arrazakeriak, Erletxeak eta bestelako gizarte eragile ugarik salatu dutenez,
migratzaile talde bati bizkarra eman diote Irunen. Leka Enea ikastetxea aterpe gisa eskaini arren, aste luzez kalean egin behar izan dute lo askok.
Irungo EH Bildu taldeak badu gaiaren gainean zer esanik. “Azken asteotan gure hirian drama latza bizitzen ari gara, dozenaka lagun iritsi baitira asmo bakarrarekin: euren bidaiarekin jarraitzea, hainbeste desio (eta merezi) duten bizitza duina lortzeko asmoz”, adierazi dute taldetik. Era berean, azken asteotan udalak “inprobisazioz” jokatu duela gogor salatu dute, hasieran, euren hitzetan, ez zuelako migratzaileak artatzeko “inolako neurririk hartu”. Handik egun gutxitara, udalak “errealitate gordinarekin topo” egin zuela adierazi dute, eta hortaz, lehen dispositibo bat martxan jarri behar izan zutela, orotara, 28 oherekin. Ondoren, Leka Enea ikastetxeko gimnasioa prestatu dute, baina irailaren 1ean desmuntatu beharko dela salatu dute, bertan dauden migratzaileei konponbiderik eman gabe.
Migratzaileen egoera konpontzeko, Irungo alkatea eta Eusko Jaurlaritza “elkarri mokoka” ibili direla kritikatu dute. Horrela, alkateak, arazoari konponbidea eman beharrean, Eusko Jaurlaritzarekiko harremanak “gaiztotu” dituela salatu dute.
“Iraila gerturatzen ari den heinean, emango diren aurrera pausuak ez ditugu ezagutzen”, adierazi dute, Irungo kaleetan, egunero, egungo dispositiboetan onartzen ez dituzten pertsona ugari ikusten diren bitartean. Gainera, dispositibo horiek batzuetan gutxieneko beharrak betetzen ez dituztela diote. Era berean, Irungo gizarte eragileek egindako “lan ikaragarria” txalotu nahi izan dute, eta horien esanetara jarriko direla jakinarazi dute, “gure eskuan dagoen guztia egiteko”.