Energia Jasangarriaren Garapen Planaren barne hartutako konpromisoei aurre egiteko, saileko ordezkariak azterketa bat egiteko konpromisoa hartu zuela gogoratu dute.
Jokin Melida, EH Bilduko bozeramailea.
Energia Jasangarriaren Garapen Planaren barne hartutako konpromisoei aurre egiteko, (iturri berriztagarriek sorturiko energiaren potentzialitatea ezagutzeko) saileko ordezkariak azterketa bat egiteko konpromisoa hartu zuela gogoratu du Irungo EH Bilduk. Taldetik diotenez, “onuragarria” da hiriarentzako, baina ordezkariak emandako prentsaurrekoa osoa ez zela izan salatu dute.
“Beste behin, gobernu talde honek dituen modu desleialen erabilpena salatu nahi dugu. Berriz ere, Irungo PSE oposiziotik egindako lana xurgatzen aritu da, merezi ez duen meritua bereganatu nahian”, adierazi dute taldetik. Merezimendu hori ez izateko, bi arrazoi daudela diote: udal gobernuak ez duela sekula sinistu energia berriztagarrien aldeko politiketan, eta PSE-EEk aurkeztutako azterketa hori, koalizio abertzaleak “asmatu eta landutakoa” dela. Proposamen hori EH Bilduk garapen jasangarriko ordezkariarekin negoziatu zuela gogoratu dute, udal aurrekontuetan sartzeko asmoz.
Bestalde, EH Bilduk egindako proposamenak “asmo handiagoak” dituela esan dute. Koalizioa “sortze ahalmena duten pertsonez osatuta” dagoela nabarmendu dute, hiritarren ongizatean eta ekonomia osasuntsuan oinarritzen den beste hiri eredu bat nahi dutela.
Lana udal gobernuarekin partekatzeko prest daudela esan dute, baina beste talde politikoen lana aitortu nahi ez izana, eta euren lana “lapurtzea” leporatu diote. “PSEk politika egiteko dituen moduekin, gaur egun ezinezkoa zaigu inongo elkarlanik abiatzea”. Amaitzeko, PSE-EEk elkar lanerako gaitasunik ez duela salatu dute.