Arbesko Errota eta Alzukaitz kaleetan espaloi eta erdibitzailea handitu dute. Gainera, auzoko zenbait zebra bidetan ere aldaketak egin dituzte.
Bizilagunen irisgarritasuna hobetzea da asmoa.
Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, Arbes auzoan zenbait hobekuntza egin dituzte azken asteotan. Bizilagunen irisgarritasuna hobetzeko asmoarekin ekin diete lanei. Udaletik diotenez, 2017ko aurrekontuetan definitutako proiektuetako bat izan da Arbes ingurua hobetzen hastea.
Hala, Arbesko Errota eta Alzukaitz kaleetan espaloi eta erdibitzailea handitu dute. Gainera, auzoko zenbait zebra bidetan ere aldaketak egin dituzte, oinezkoentzako sarbidea erraztuz.
Zehazki, Arbesko Errota kaleko 10 eta 12. zenbaki bitarte horretan espaloia handitu dute, orotara, bi metroko zabalera izan arte. Gainera, zoladura erabat berritu dute. Era berean, zazpi metroko farolak jarri dituzte bertan, argiztapena hobetzeko asmoz.
Alzukaitz kalean berriz, Toki Alai ikastetxe parea dagoen erdibitzailea handitu dute. Arbesko Errotan bezalaxe, datozen egunotan argiztapena ere hobetuko dutela jakinarazi dute.
Artalekun ere, obrak
Irungo Udaleko ordezkari Cristina Labordak adierazi duenez, Artaleku kiroldegiko sarbidea berritzea izango da hurrengo pausua. Aldapa bat jarriko dute bertan (parkingera arte).
Arbes zein Artalekuko obretarako, udalak, 250.000 euroko aurrekontuarekin egingo die aurre.