Ahal Dugu taldeak sinadura bilketa hasi berri du, prezioak jaisteko helburuarekin. EAJk aldiz, oinezkoentzako sarbiderik ez dagoela salatu du.
Joan den astean (asteazkenean) ireki zituzten igerileku berriak.
Joan den astean (hilaren 11ean) ireki zituzten Txingudi San Martzial igerileku berriak. Udaletik jakinarazi dutenez, lehen astean, 1.225 irundarrek bisitatu dute gunea.
Erabiltzaile ugari kexu azaldu dira igerilekuen prezioarekin. Horregatik, herritarren eskakizunei erantzunez, udalak tarifa murriztua martxan jartzea erabaki du (jubilatuak edota langabezian dauden herritarrei bideratua). Gainera, egun erdiko sarrera eskuragarri izango da, %50eko deskontuarekin.
Sinadura bilketa
Igerileku berrien prezioaren kontra azaldu berri dira Irungo Ahal Dugu taldetik. “Egun erdiko sarraren prezio berria ez da nahikoa”, adierazi dute. Horretarako, sinadura bilketa bati ekin diote azken egunotan.
Hala, errentaren araberako deskontuekin denboraldi osoko abonua eskuragarri jartzea eskatu dute, baita kiroldegietako abonatuek deskontu handiagoa izan dezatela. Astelehenean ekin zioten sinadura bilketari, eta dagoeneko 1.150 sinadura lortu dituztela jakinarazi dute formazio moretik.
Ahal Duguren idazkari nagusi Miren Echevestek adierazi duenez, “joan den ekainean ogasuneko komisioan proposatu genuen denboraldi osoko abonamenduak ezartzeko, prezio onargarri batekin eta , gainera, errentaren araberako deskontuekin”.
Eskaera horren aurrean, Jose Antonio Santano alkatea “ez entzunaren” jarrera hartu duela kritikatu dute taldetik. “Txingudi San Martzialeko igerilekuetarako sarreren prezioa alkatearen taldeak dirua biltzeko duen gogoaren beste adibide bat da”, adierazi dute. Era berean, hiritarrek gauzak aldatu daitezkeela eta herriaren ahotsa udaletxean entzunarazi daitekeela erakusteko lanean jarraituko dutela adierazi dute.
EAJk sarbide segurua nahi du
Irungo EAJ taldeak, igerilekuen sarbidearen inguruan, gobernu sozialistak “aurreikuspen gabeko kudeaketa txarra” egin duela salatu du, eta “onartezina” dela adierazi du. Lehenik, gehienez 550 pertsonen eta 50 aparkalekuren edukiera duela kritikatu dute, eta ondorioz, ibilgailuentzako lekurik ez dela izango. Era berean, igerilekuan kanpoaldeko sarbidea egokitu gabe dagoela salatu dute.
“Bisitan zehar, gure ustetan jada egina eta amaitua egon beharko lukeen oinezkoentzako espaloi proiektuaren egoera zein zen galdetu genuen. Eta honi, gobernu sozialistak, aurten igerilekuetara oinez joateko aukera ez dela izango erantzun zion, hiritarrak kotxea, motorra edota autobusa erabiltzera behartuz” adierazi du Xabier Iridoy bozeramaileak. Edonolako lanak egiterakoan, presa inoiz bide ona ez dela nabarmendu du Iridoyk, proiektu guztiak ongi pentsatuak eta egokituak izan behar dutela.