EH Bilduk Latinoamerikako errealitatea gerturatu nahi die Irungo herritarrei. Horretarako, Nikaragua eta Mexikoko bi emakumek hitzaldi bereziak eskainiko dituzte.
EH Bilduko Joxe Kaietano Diez, Cuellar eta Riosekin batera.
Latinoamerikako errealitatea gerturatu nahi diete EH Bilduko taldeko kideek Irungo herritarrei. Hala, Nikaragua eta Mexikon gertatzen ari denaren inguruko bi hitzaldi berezi antolatu dituzte datozen egunetarako.
EH Bildutik Amerikan ematen diren gizarte mugimenduak “gertutik” jarraitu dituztela adierazi dute. “Gizarte mugimendu horietako asko eredugarriak dira, funtsean herrien eta herritarren eskubide demokratikoak aldarrikatzen eta defendatzen dituztelako”. Hala, bi hitzaldi antolatu dituzte, Nikaragua eta Mexikoko errealitatea ezagutzeko. Taldetik diotenez, azken asteotan Nikaraguatik “albiste guztiz kontrajarriak” jasotzen ari dira, eta Mexikon, ezkerrak hauteskundeak iraztearen ondorioz, “aukera berriak zabaltzen” ari dira. Bi herrialdeen egoera ikertuko dute.
Tamara Cuellar nikaraguarrak eskainiko du lehenengo hitzaldia, hilaren 20an (ostirala), Palmera Montero Guneko hiritar gunean (18:30ean); bigarren hitzaldia berriz, Giovana Rios mexikarrak egingo du, hilaren 26an (osteguna), leku berean (19:30ean). Cuellar antzerki artean lizentziatua da, eta era berean, txotxongilolari eta antzerki kritikari eta ikertzailea da; Rios politika zientzietan doktorea da, eta politika publikoetan eta gatazken konponbideetan aditua.