Judas Arrieta ‘Hiru leku, hiru paisai, hiru akzio’ ekintza artistikoa egiten hasi da Hondarribiko hiru lekutan, garai bateko loraldia gogoan.
Nahi duenak bere arrastoa utz dezake Arrietaren lanean (arg: Bideosare)
3 leku, 3 paisai, 3 akzio, izenburu hori du Judas Arrieta artista hondarribiarra kalera eraman duen azken interbentzio artistikoak. Joan den larunbatean abiatu zuen Apezpiku plazan, hilaren 28an Santiago kalean jarraituko du, eta abuztuaren 22an kirol kaian biribilduko du ekintza. Leku bakoitzean 1,5 x 1,5 metroko pieza bana margotuko ditu sei orduz. Bere lan egiteko modua erakusteaz gain, hausnarketa bultzatu nahi du: “Non daude kaleko margolariak, eta galeriak, zergatik desagertu dira? Margolariek erabiltzen zituzten txokoak hor daude, baina margolariak eta aretoak desagertu dira”. Horretaz hausnartu nahi du Arrietaren azken proiektuak.
Arratsaldeko seietatik gauerdira arte irauten du hiru ekintzetako bakoitzak, eta koadroa sortzearen prozesu osoa erakustea du helburu: “Hasteko, koadroa muntatzen da, ondoren tela jarri, eta gero fondoak lantzen hasten gara”. Inguruan dauden pertsonek lagundu dezakete, bai fondoak sortzen, baita geroxeago ere, errotulagailuekin, testuekin, nahi dutenarekin. “Eta gero hasten naiz ni koadroa osatzen. Iluntzean, prozesu berria sortzen da, argiekin, proiekzioekin hasten naizelako”, azaldu du.
Hiru egunetan gertatzen den guztia grabatuko du artistak,
Bideosare enpresako arduradun Markos Soduperen laguntzarekin. Prozesu osoa jasotzen dute, eta parte hartzen dutenen esperientzia biltzeko galderak egiten dizkiete: “Elkarrizketa egiten diegu plano motzean, hala, koadroaren barruan sartzen dira, paisaiaren parte bihurtzen dira. Esperientzia horretaz, arteaz, koloreez… eta artearen herriko egoeraz galdetzen diegu”.
Iluntzean proiekzioekin hasten da lanean Arrieta (arg: Bideosare)
Artistaren hitzetan,
3 leku, 3 paisai, 3 akzio ekintzan gauzatutako obra bera baino garrantzitsuagoa da prozesua: “Ni gidaria naiz, eta pautak markatzen ditut, baina koadroan geratzen dena da parte hartu duten pertsona guztien arrastoa, eta horien gainean nirea. Arrasto horiek osatzen dute paisaia, marrazki horiek, esperientzia horiek”.
Hirugarren koadroa margotu eta gero, hiru lanak eta bideoa erakutsiko dituzte, oraindik zehaztu ez duten leku eta data batean.
Artista kale zalea
Ez da lehen aldia Arrieta kalera ateratzen dena margotzera. “Koadro handi bat egin behar dudanean fondoak kalean margotzen ditut nik. Presentzia horretan eta behar horretan sinisten dut, lehengo margolariek erabiltzen zuten bezala erabiltzen dut nik kalea”. Lan hori, gainera, publikoarekin partekatu du behin baino gehiagotan. 2016ko maiatzean
Sinfonia urdina bilduma Santiago kalean margotu zuen, Donostiako Aquariumak eskatuta; orduan ere, arratsaldez eta gauez aritu zen Arrieta, eta Kid ES3 & Anderground DJak musika jartzen aritu ziren.
Iazko apirilean, aldiz, Hondarribia-Katsikas boluntario taldeak errefuxiatuen aldeko
mural erraldoia margotu zuen Portuan, eta Arrieta ibili zen koordinazio lanak eginez. Ehun pertsonak baino gehiago parte hartu zuten lan horretan, haurrak arratsaldean, eta iluntzetik aurrera, nagusiak.
Haurrak, errefuxiatuen aldeko muralaren fondoak margotzen, iaz
Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko Kultura zinegotziak nabarmendu duenez, artistak ekarpen bikoitza egiten du, prozesua erakusteaz gain, publikoarekin harremana sortzen duelako: “Gazteekin eta oro har publikoarekin dinamika sortzen ari den artista da Arrieta. Ekintza honetan ez du bi orduko lana egiten, sei orduz egoten da, prozesu osoa erakusten, egunez, gero argiekin… Prozesu hori, eta jendearekin elkarri eragitea, gauza polita da, aberatsa da”.
Aretoak, artistak, artelanak… hutsune handia geratu da
Ia hogei galeria izatetik bakarra izatera pasatu da Hondarribia. Garabateando tailer ibiltariak Arrietaren helburu bera du: artistak kalean berreskuratzea
Ia 20 erakusketa areto, pribatuak nahiz udalarenak, eta dozenaka artista kalean margotzen, mihise gaineko marrazkiak paisaiekin nahasteraino. Santa Maria atearen aurrean beti zegoen artistaren bat lanean, parrokiko dorrea protagonista zuen Kale Nagusiaren paisaia betikotzeko. Leku horretan bada plaka oroitarri bat, horixe
Margolarien txokoa dela esaten duena. Plakak hor dirau, margolariak dira desagertu direnak. Silanes Kultura zinegotziak gogoan ditu loraldiko garai haiek. “Ni Zumardian jaio nintzen eta bertako paisaiako parte ziren margolariak. Erakusketa gela pila zeuden, bai Portuan, baita Alde Zaharrean ere. Zoritxarrez ia guztiek itxi dute”.
Juncal Alfonsoren erakusketa bat, Otzazki galerian
Bakarra geratzen da, Otzazki aretoa, Damarri plazan, hain zuzen ere Zumardiaren eta Margolarien txokoaren artean. Zortzi-hamar artisten artean kudeatzen dute, eta euren lanak erakusten dituzte txandaka. Juncal Alfonso irundarra da bazkideetako bat. Taldeko gazteenetakoa da Alfonso eta, agian horregatik, geldiezinetakoa. Bere ekimenez sortu zen iaz artista amateurrentzako Garabateando tailer ibiltaria. Joan den igandean hamabigarren ekitaldia bete zuen: “Hileroko bigarren igandean egiten dugu, 11:00etatik 13:00etara, irailean eta azaroan hirugarrenean, bigarrenean herriko jaiak eta Behobia lasterketa izaten direlako, hurrenez hurren”.
Tailerraren helburua, Judas Arrietaren 3 leku, 3 paisai, 3 akzio proiektuaren berbera da, artistak berriro kalean lanean ikustea: “Garabateandorekin marrazketa eta pintura kalean berreskuratu nahi ditugu, auzoetan, artearekin, kulturarekin eta hiriarekin elkarri eragin. Egun, artea eta eguneroko bizitza erabat aldenduta daude, eta dinamika hori puskatzea bilatzen dugu. Bere estudioan itxita dagoen artistaren irudiaz aldendu nahi dugu”. Eta bozetoak egiteko elkartzea erabaki zutela azaldu du: “Zirriborroa marrazketaren ariketa tekniko soila da, jendeak taldean egitea asko eskertzen duena”.
Lehen ekitaldietan Otzazki pareko plazatxoan elkartzen hasi ziren, baina gero mugitzea erabaki zuten. Orain, igandero leku desberdin batean elkartzen dira zirriborratzeko, eta pixkanaka-pixkanaka handituz doa parte hartzaile kopurua. “Errepikatzaile talde bat dago, neguan zortzi bat, udaberrian hamabi inguru, baina gero handituz joan da, udan 20 izateraino”. Tailer irekia dela argi dago, parte hartzaileak ikusita: “Baten bat Gasteiztik etorri izan da. Ohikoen artean Ataun, Hernani eta Donostiatik etorri izan dira… Oso pozik gaude jarduera hau berreskuratu dugulako. Gipuzkoan ez dago halako besterik, eta izandako arrakastak argi uzten du jendea honen zain zegoela”.
Hausnartzeko balio dezala
Azken bizpahiru hamarkadetan artea Hondarribiko kaleetatik desagertu da, eta galera horretaz hausnarketa egiteko balio dute bai Garabateandok, baita Arrietaren hiru eguneko interbentzio artistikoak. Udalak ere kezka hori partekatzen duela baieztatu du Silanesek: “Badira tailerra duten artistak, baina ez daude kalean. Dinamika hori sortzen saiatu behar dugu, ez da izango garai hartako kopurua, bai inertziak eta dinamikak aldatu beharko ditugu”.
3 leku, 3 paisai, 3 akzio interbentzioaren bitartez, herritarrei galdetu nahi die Arrietak, herriko egoeraz mintza daitezen. Hark ez du ebatzi nahi errua zerena edo zeinena ote den, baina gabezia bat sumatzen du, arteari lotutako gune balioanitz baten beharra: “Herriko artistak elkartzeko leku ireki bat, lan egin, hausnartu, herritarrekin bertan elkartu, euren lana erakutsi dezaten… Ez dakit formatua zein izan behar duen, baina leku balioanitz bat behar da, ez egun dauden tailer edo akademiak ordezkatzeko, baizik eta haien osagarri izateko, haien eskaintza osatzeko”.
Garabateando tailer ibiltariko lehen ekitaldietako bat
Alfonso irundarrak Arrietaren kezka partekatzen du: “Duela urte gutxiko egoerarekin alderatuta, artearentzako lekurik ez dago orain Hondarribian. Garai batean aretoz beteta zegoen herria”. Bere ustez, egoera hori itzultzea ezinezkoa da, “ez dagoelako merkaturik, ez dagoelako eskaririk”, baina ekimen publikotik eztabaida bultzatu behar dela uste du, ezkutuan dagoen mundu artistiko hori azalarazteko. “Erakustaretoak sor daitezke, hitzaldiak antolatu, eztabaida piztu, artistak protagonista diren jardunaldiak…”.
Joan den larunbatean Apezpiku plazan margotzen ari zela jende asko hurbildu zitzaiola nabarmendu du Arrietak: “Kalean ekintzak egin ditudan aldiro jendeak interesa duela ikusi dut, parte hartzeko gogoa dute”. Argi dauka herrian artista gazte asko dagoela euren lanak erakusteko prest. “Badago jendea gauzak egiten, Arte Ederrak edo zinea ikasi dituzten gazteak eta gauzak egiten ari direnak, baina herrian ez dago erakusleihorik lan hauek egiteko. Eta lan hauek Hondarribiari plus bat eman diezaiokete”.
Gazteen lana erakutsi ezin den bezala, Hondarribian bizi eta lan egin izan duten artisten lanak ere galtzen ari direla uste du Arrietak. “Artista ezagunenen aztarna erositako obra puntualetan eta kalean jarritako eskulturetan geratzen da, eta obra horietako asko utzita daude”. Berarekin bat dator Otzazkiko kidea: “Hondarribian eta Bidasoan bizi diren artista handi asko daude, erabat ahaztuta daudenak”.
Arrietaren ustez, herri turistikoa dela baliatu beharko luke Hondarribiak artea balorean jartzeko: “Herri honek artista famatuak izan ditu, Mendiburu, Basterretxea, Grazenea… Gero Bidasoako eskola dago, eta horren inguruan betidanik egon dira artista amateur pila bat”. Artista horien artelanak erakutsi beharreko ondare direla gaineratu du margolariak: “Artearekin erlazionatutako ondare izugarria dago herri honetan, zergatik ez aldarrikatu turismoarentzako, erakusteko herri hau ez dela bakarrik Alde Zaharra, Portua eta jatetxeak”.