Udaleko Gizarte Ongizate sailarekin bildu ostean, "dezepzio handia" eraman dute Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Stop Kaleratzeak plataformako kideek.
San Juan plazan egin dute prentsaurrekoa.
Joan den hilean, Jose Antonio Santanok Aquarius ontziko
migranteei harrera egiteko kooperazioa eskaini zuen. Erabaki horren harira, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Stop Kaleratzeak Bidasoa plataformek, Adiskidetuak, Caritas, Sos Arrazakeria, Erletxea eta bestelako elkarteekin batera, Irungo Gizarte Ongizate ordezkari Sergio Corchonekin bildu berri direla jakinarazi dute gaur.
Migratzaileei harrera egiteko udalak erabiliko dituen baliabideen berri galdetu diote Corchoneri. “Dezepzio handia” eraman dutela salatu dute plataformetako kideek. Egoera horren aurrean, udalak soilik baliabide ekonomikoak jarriko dituela haserre adierazi dute, bestelako erakundeek lan hori egin dezaten. “Gizarte Ongizate saila Gizarte Zerbitzuetara gerturatzen direnei informatzera mugatuko da, hori bai, egiten badute, eta badirudi orain arte ez dela hala izan”, salatu dute.
Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Stop Kaleratzeak plataformei udaletik jakinarazi dietenez, erakunde pribatuek egin beharko lukete harrera lana, eta euren oinarrizko beharrak asetu beharko lituzkete. Erabaki horren aurrean, “dezepzionatua eta harridura” azaldu dute.
Horregatik guztiagatik, Martindozenea aterpetxea harrera egiteko irekitzea exijitu diote udalari (orain dela bi urtetik itxia dago). Era berean, NAN (Nortasun Agiri Nazionala) izan ala ez, bertan aterpea ematea eskatu dute. Bi proposamen horiek, “minimoak” direla diote, eta udalak hori eskaintzeko aukera baduela nabarmendu dute. “Gure udalak harrera protokolo bat egin beharko luke”, gehitu dute.