Irungo Txirrindularitza Elkartearen eskutik, Espainiako Kopa eta Euskal Herriko Txapelketa jokatu dute Irungo Puiana zirkuituan.
Puianako zirkuituan egingo dute txapelketa.
Espainiako Trial Txapelketa Irunera iristear da. Puianako zirkuituak jasoko du txapelketaren azken jardunaldia, larunbatean (hilak 14).
Irungo Txirrindularitza Elkarteak antolatu du proba. Bost eremutan lehiatuko dira txirrindulariak, eremu erabat naturalean (oztopo guztiak naturako elementuak dira). Bertan izango dira, besteak beste, elite kategoriako buru Abel Mustieles eta Irene Caminos. Ion Areitio hondarribiarra ere bizikleta gainera igoko da; titulua eskuratzeko aukera du (lehenengoak baino 7 puntu gutxiago ditu).
09:00etan emango diote hasiera azken jardunaldiari, eta 11:30ean alebin, infantil, kadete eta Master 30 kategoriako kirolarien txanda izango da. Arratsaldean berriz, elite juniorreko gizonezko eta emakumezkoak lehiatuko dira (17:00etan).
Igandean, Euskal Herrikoa
Trial modalitatea nagusi izango da Irunen asteburu osoan zehar. Igandean (hilak 15), Euskal Herriko Trial Txapelketa egingo dute, Puianako zirkuituan ere. 09:00etan hasiko da lehiaketa.