'Udan gogoz' programa abiarazi berri du Irungo Udalak, eta uztaila eta abuztuan zehar, hamaika doako ekitaldi antolatu dituzte.
Joan den sanmartzialetan adinekoen bazkaria egin zuten Ficoban.
Irungo adinekoek badute zer egin datozen asteotan. Udan gogoz programa abiarazi berri dute, eta uztaila eta abuztuan zehar, hamaika doako ekitaldi antolatu dituzte.
Irungo alkate Jose Antonio Santanok, Sergio Corchon ordezkariak eta Gizarte Ongizate saileko teknikari Ana Lorenzok aurkeztu dute programa. Jakinarazi dutenez, aurten, Lekaenea, San Miguel, Belaskoenea, Palmera Montero eta Behobiako gizarte espazioetan egingo dituzte jarduerak. Hala, hiru bloke nagusitan banatu dute eskaintza: barre terapia, musikoterapia eta yoga. Garapen kognitiboa, fisikoa eta erlazionalari bultzada eman nahi diote programarekin, horregatik hiru esparru horiek lantzearen erabakia.
Uztaileko astelehenetan yoga klaseak emango dituzte Lekaenean (11:00etatik 12:00etara) eta Behobian (19:00etatik 2000etara) eta barre terapia klaseak egingo dituzte San Miguelen (18:00etatik 19:00etara). Asteartetan, barre terapia egingo dute Belaskoenean (18:00-19:00) eta yoga Palmera Monteron (19:00-20:00). Asteazkenetan berriz, barre terapiaren saioak Lekaenera mugituko dituzte (11:00-12:00) eta Behobian (18:00-19:00), eta San Miguelen berriz, yoga praktikatzeko aukera izango da (19:00-20:00). Osteguneko jarduerak Palmera Monteron egingo dituzte. Hala, 18:00etatik 19:00etara barre terapia saioa egingo dute, eta 19:00etatik 20:00etara, yogaren txanda izango da.
Abuztuan berriz, astelehenetan zehazki, yoga (11:00-12:00, Lekaenean eta 19:00-20:00, Behobian) eta musikoterapia (18:00-19:00, San Miguelen) egingo dute. Asteartetan, 18:00etan, musikoterapia izango da Belaskoenean eta yoga (19:00-20:00) Palmera Monteron. Asteazkenetan, musikoterapia egingo dute Behobian (11:00-12:00) eta San Miguelen (18:00-19:00). Ostegunetan, Palmera Monterok (18:00-19:00) eta Belaskoeneak (19:00-20:00) musikoterapia saioak jasoko dituzte. Amaitzeko, ostiraletan, 11:00etatik 12:00etara, yoga praktikatuko dute Lekanean.
Gaur aurkeztu dute programa.