Irungo alarde parekideko batzordeak aurtengo desfilearen balorazioa egin du. "Kontaketaren borroka irabazten ari garela esan dezakegu", adierazi dute.
Joan den ekainaren 30eko desfilearen irudia.
Irungo alarde parekideko batzordeak aurtengo desfilearen inguruko balorazioa egin du. Ekainaren 30eko desfilearekin (
ikusi argazki galeria) “harro” azaldu dira, eta azken urteotan desfile parekideko partaideak eta ibilbidean zehar babesten ibili diren herritarrak txalotu nahi izan dituzte.
Aurten, 20 urte bete dira Alarde ez baztertzaileak lehenengoz desfilatu zuela Irungo kaleetan barrena. “Data ahaztezina”. Hala definitu dute parekideko kideek. “20 urte pasa dira, eta ez da alferrik izan”, adierazi dute. Azken urteotan partaidetzan, alaitasunean eta gazterian irabazi dutela ondorioztatu dute, eta gai izan direla berdintasunean oinarritutako alarde bat osatzeko.
“Kontaketaren borroka irabazten ari garela esan dezakegu”. Gainera, elkarbizitzan aurrera pausu handiak eman dituzte adierazi dute, bizilagunek, alarde parekidean desfilatu ala ez, egun ez baitute agurra ukatzen. Era berean, zilegitasunean eta aurrerapenean ere irabazten ari direla nabarmendu dute.
Horregatik guztiagatik, aurtengo desfilearen emaitzarekin “harro” azaldu dira batzordetik, eta eskerrak eman nahi izan dizkiete azken 20 urteetan parte hartu eta babestu duten norbanako guztiei. Emakunde, Arartekoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiari ere eskerrak eman nahi izan dizkiete.
Amaitzeko, ondorengo gogoeta utzi dute: “Beste urte batez, Jose Antonio Santano alkateak alarde parekidea alde batera utzi du eta ez dio harrerarik egin, bere hiriko emakumeei mespretxua eginez”.