Marte planetako mendi gorena igotzea simulatuko du bihar Irungo Txirrindulari Elkarteko Nestor Aranak; Erlaitz 51 bider igo beharko du.
Erlaitz mendia, Aiako Harrian.
Irungo Txirrindulari Elkarteak erronka solidario berezi bat antolatu du biharko (hilak 7). Nestor Arana klubeko bazkideak orain arteko erronkarik zailenari ekingo dio: Marte planetako Olinpo Mendia (Olympus Mons) igotzea. Txirrindularia ez da Martera joango noski; Aiako Harriko Erlaitz mendia izango da igoeraren agertokia, eta 21.000 metro baino gehiagoko igoerari aurre egin beharko dio. Horretarako, 51 bider egin beharko du ibilbide osoa.
Elkartearentzako dirua lortzeko ekitaldia izango da. 3:00etan ekingo dio ibilbideari Aranak, eta igande eguerdian amaitzea espero du. Irundar guztien artean Erlaitzera gerturatzeko deialdia luzatu dute txirrindulari elkartetik. Giroa alaitzeko, pintxo potea egingo dute, eta iganderako, tortilla patata lehiaketa antolatu dute.