Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, barrera arkitektonikoak dituzten etxebizitzetako bizilagunei laguntza emateko programa berri bat abiarazi dute.
Santano eta Yarza, gaurko aurkezpenean.
Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, barrera arkitektonikoak dituzten etxebizitzetako bizilagunei laguntza emateko programa berri bat abiarazi dute. Gaur eman dute programaren berri Jose Antonio Santano alkateak eta Irunvi-ko kudeatzaile Idoia Yarzak.
Etxeko ataritik bide publikora sarbide egokia izateko arazoak dituzten bizilagunei bideratutako laguntza da. Bereziki, Larreaundiko Iñigo de Loyola kaleko bizilagunentzako diseinatu dute laguntza programa, bertako bizilagunak baitira kaltetuenak.
Irungo bizilagunen auzo elkarteek egindako proposamenei erantzuna eman nahi diote. Hala, bizilagunen irisgarritasuna hobetzeko asmoz, bi subentzio lerro ezarri dituzte: Proiektuaren erredakzioaren %100ekoa ematea edo %60a subentzionatzea. 100.000 euro arteko laguntzak jasotzeko aukera izango da (batez ere etxebizitza eta kalea lotuko dituen igogailuak eraikitzeko). Udaletik jakinarazi dutenez, soilik Gipuzkoako Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea falta da, eta urriaren 31era bitarte laguntzak eskatzeko aukera izango da.
Programan parte hartu ahal izateko, eraikinek gutxienez 50 urte eta bi solairu baino gehiago izan beharko dituzte. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, Irunvi-ren bulegotik (Iglesia kalea) pasatzeko deialdia luzatu dute.