Bidasoa Ibaiaren Nazioarteko Jaitsieraren 52. edizioa egingo du larunbatean Santiagotarrak Kirol Elkarteak. Herri proba ere antolatu du, bigarrenez.
Jaitsieraren irudi bat. Argazkia: J.M. Anatol.
Santiagotarrak Kirol Elkartearen ikurra da. Antolatzen duen probarik handiena. Klubaren sorreraren aitzakia. Larunbatean, San Fermin Egunarekin, Bidasoa Ibaiaren LII. Nazioarteko Jaitsiera egingo da. Ez hori bakarrik. Bigarren urtez, herri jaitsiera ere antolatuko du 52 urte dituen, nazioarteko probak bezala, kirol elkarteak.
Parte hartze bikaina izango du, nahiz eta Espainiako Piraguismo Federazioak ezarrita duen egutegiarekin bateragarri ez izan, Santiagotarrak-etik esan dutenez. Kexu dira horregatik irundarrak, federazioak antolatutako zenbait probek bat egiten dutelako jaitsiera historikoarekin, hortaz, badira klubak Irunen ezin dutenak izan. Dena dela, baikor dira antolatzaileak, eta ziur daude kirol elkarte askotako palistak izango direla proban, kirol mailan nahiz giroan era positiboan eraginez. 150-200 partaide espero dituzte.
Gainera, Bidasoko jaitsieraren bidea arras ikusgarria dela gaineratu dute Santiagotarrak-eko kideek. Horretan eragina Endarlatsako presa kentzeak eragina izan duela baieztatu dute. Hori bai, kirolariek adi ibili beharko dute: hainbat zonaldetan, ur emaria dela eta, sustoak egon daitezkeela azaldu dute.
Hainbat irteera ordu izango dira. 12:00etan, Villanueva de Endarlatsa bihurgune ezagunetik, Senior, Junior eta Beteranoen kategorietako K2ak aterako dira. Beste zenbait irteeraren ondoren, 12:10etan da Endarlatsako azkena, K1eko emakume Senior, Junior eta Beteranoena. Kanoak ere ordu horretan aterako dira; haientzat ur emari nahikorik ez balego, San Miguel eremuan da haien irteera.
12:45ean irteera gehiago izango dira, baina San Miguelen, behin lehen irteeretako (ibaian gorago daude) ontziak pasatzen direnean. Bertatik, behar badute, kanoak aterako dira, kadeteekin eta haurrekin batera. Lehorretik ateratzen dira San Miguelen, oso ikusgarria da.
Lehen ontziak 12:45 inguruan iritsiko dira helmugara, Santiagotarrak Kirol Elkartearen egoitzara, alegia.
Herri jaitsiera, bigarrenez
Bigarren urtez, aurten ere herri jaitsiera dago. Denentzako proba da, piraguismoaz eta naturaz gozatu nahi dutenentzat oso egokia. Hori 12:45an hasiko da San Miguelen, eta Santiagotarrak-en bukatuko da. Bertan parte hartu nahi dituztenentzako erraztasunak jarri ditu Santiagotarrak elkarteak, 10 euroan binakako edo bakarkako piraguak eta ekipo osoa alokatuko dizkielako hala nahi dutenei. Izena eman behar da aurretik, 943 63 20 56 telefono zenbakira deituz. Iaz 50 bat partaide izan ziren. Lehiaren ondoren, bazkari ederraz gozatzeko aukera izango da.
BMk, Zaisak, Irungo Udalak eta Santymar bakailao enpresak lagundu dute proba antolatzen.
Adierazpenak
Proba historikoa atzo aurkeztu zuten. Bertan izan ziren Antxon Arellano Santiagotarrak-eko presidentea, Pedro Alegre Irungo Udaleko Kirol ordezkaria, eta Javier Martinez Vesga
Musku antolakuntza batzordeko kidea.
Presidenteak, elkarteak jaitsiera “barru-barruan” sentitzen duen proba dela esan zuen, elkartearen sorrerarekin batera jaio zelako. Eta babesleei eskerrak eman zizkien, proba egitea posible egiten dutelako.
Muskuk datu bat eman zuen: aurten, ohiko data baino hiru bat aste lehenago egingo dela proba, eta hori dauden piraguismo proben saturazioagatik dela zehaztu zuen, eta aldi berean baliatzeko egun horretako arratsaldean bertan
Hondarribian itsas proba bat dagoela, eta hurrengoan Urola ibaiaren jaitsiera dela. Hau da, bertara iritsiko diren kirolarien egonaldia baliatu nahi dute Bidasoaren jaitsiera ere egin dezaten. Izango dira kirolariak hiru lehiak egingo dituztenak.
Pedro Alegrek, bere aldetik, esperientzia propiotik hitz egin zuen, piraguista izan zelako, “niretzat proba berezia da”. Santiagotarrak-en lana goraipatzeaz gain, parte hartzearen maila nabarmendu zuen, aipatuz, ondo ikusia den proba bat dela “ibaiaren ezaugarriengatik, eta antolakuntzaren mailagatik”. Hiriarentzat lehia garrantzitsua dela adierazi zuen, eta ikusgarria dela gaineratu, “inguruneaz eta kirolaz gozatzeko aukera paregabea da. Giro ederra egoten da klubaren inguruan. Deia egiten diet irundarrei kirol ikuskizun hau ikus dezaten”.