Arartekoaren ordezkari bat biharko alarde parekidean izango da. Erakundeek berdintasunaren aldeko urratsak egin behar dituztela nabarmendu du.
Arartekoaren ordezkari bat izango da parekideari harrera egiten.
Bihar Irunen bi alarde egingo dituzte. Bat parekidea, bestea ez. Parekidearen defentsan oharra kaleratu du Manuel Lezertua Arartekoak, erakundea pertsonen eskubideak defendatzeko sortu zela oroitaraziz eta nabarmenduz “berdintasunezko alardeari erakunde babesa emateko neurriak hartzen” jarraitu behar dela, haren ustez, “gure bezalako demokrazia aurreratu batentzat, gizarte eta giza harremanak berdintasun printzipioan” oinarritu behar direlako. Arartekoaren ondokoa, Julia Hernandez, bihar alarde parekideari harrera egiten egongo dela adierazi du, aldi berean, Lezertuak.
Arartekoak adierazi du konprometitua dagoela emakumeen eskubideak eta eguneroko bizimoduan horiek bermatzen ahalegintzen direnenak defendatzearekin. Eta herritar guztiak barne hartuko dituen jai bateranzko bidea garbitzen lagunduko duen ekinaldi edo proposamen ororen alde dagoela adierazi du, eta bide hori erakundeek egin behar dutela oroitarazi du.
Horregatik, Irunen ere “bizikidetza bide harmoniatsuak” sustatzeko prest agertu da Arartekoa, “bertako agintariekin eta alardeen agintariekin batera, horiek funtsezko aktoreak baitira eremu horretan”. Iraganako hausturak gainditu nahi dituzten borondate oneko pertsona guztiekin lankidetzan aritzeko nahia agertu du hein berean.