Irungo kale batean lurrean etzanda eta konortea erdi galduta zegoen emakume bati ukituak egin zizkion erasotzaileak.
Erasoa igande goizean izan zen Irungo kale batean.
Irunen emakume bati sexu abusuak egitea egotzi dioten 47 urteko gizon bat espetxeratu dute. Pasa den igandean izan zen gertakaria. Irungo kale batean lurrean etzanda eta konortea erdi galduta zegoen emakume bati ukituak egiten ari zen gizona ikusi zutela jakinarazi zioten Ertzaintzari hainbat herritarrek. Lekukoak zeudela ikusita, ihes egin zuen sexu abusuen egileak eta atari batean ezkutatu zen. Handik gutxira atzeman zuen Ertzaintzak.
Emakumea Bidasoa Ospitalera eraman zuten eta erasotzailea identifikatuta atxilotu egin zuten sexu abusuak egitea leporatuta. Zaintza epaitegira eramanda 47 urteko gizona Martuteneko espetxera bidali zuen epaileak.