Bidasoko herrietan ostatu hartuko duten 700 jokalariek Ficoban bazkaltzeko eta afaltzeko aukera izango dute uztailaren 1etik 4ra.
Bidasoan Donosti Cup-eko 700 jokalarik hartuko dute ostatu.
Donosti Cup futbol txapelketaren 27. ekitaldia uztailaren 1etik 7ra egingo da. 623 taldek parte hartuko dute (33 herrialdetakoak). Orotara 5.200 jokalari izango dira bitarte horretan jokatzen, eta Donostian nahiz inguruko eskualdeetan bizitzen. Irunen, Hondarribian eta Hendaian, esaterako, 700 bat dira bertan izango diren kirolariak. Otorduak Ficoban egiteko aukera izango dute horiek.
Izan ere, Donosti Cup bitartean 700 bat dira Bidasoko hiru herrietan ostatu hartu duten kirolariak. Hala, Ficoban, uztailaren 1etik 4ra, lehen pabiloia egokituko dute horiek guztiek bazkaltzeko eta afaltzeko aukera izan dezaten. Beraz, jokalariek egin beharreko joan-etorriak murriztuko dira otorduak egiteko toki iraunkorra izanda, eta Ficobatik adierazi dutenez, Bidasoa hobeto ezagutzeko aukera izango dute kirolariek eta haien laguntzaileek.
Era berean, uztailaren 1ean, taldeetako kideek euren dokumentazioa jasoko dute Ficoban, 18:00etatik 20:00etara.