Datorren azaroko Euskaraldirako motorrak berotzen hasi dira jada Elatzeta ikastetxeko ikasleen 200 guraso baino gehiago.
Elatzeta ikastetxeko guraso eta haurrak.
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte
Euskaraldia jorratuko dute Irunen, Aitzondo euskara taldearen eskutik. Motorrak berotzen hasteko, Irungo Elatzeta ikastetxeko 200 guraso inguruk euskararen erabilera ohituren inguruko azterketa egin dute azken bi asteotan. Helburua, euskararen erabileraren inguruko kontzientzia hartzea eta gurasoen seme-alabentzako eredu izatearen beharra ikustea da.
Bi txanda ezberdinetan, euskara erabiltzeko konpromisoa hartu dute gurasoek, eta partaideen mailaren arabera, hiru konpromiso mota definitu dituzte:
- Txantxangorriak: euskaraz ondo dakiten gurasoak. Elkarrizketa guztiak euskaraz hasi dituzte eta euskaraz ulertzen dutenekin hala jarraituko dute.
- Oiloak: euskaraz egiteko mugak dauzkaten gurasoak dira. Elkarrizketa guztiak euskaraz hasi dituzte eta berdin jarraituko dute euskaraz erantzuten dietenekin.
- Pinguinoak: euskaraz hitz egiten ez dakiten gurasoak. Gutxienez agurrak eta eguneroko hainbat esamolde euskaraz erabiltzeko konpromisoa hartu dute.
Elatzeta ikastetxeko gurasoek adierazi duten bezala, egitasmoa “arrakastatsua” izan da, azken bi asteotako jardunean, euren seme-alabentzako “eredu egokiak” izan direlako.