Ahal Dugu eta EH Bildu taldeek jakinarazi duenez, aldundiak eta Irun eta Hondarribiko Udalek alarde parekideari harrera egitea errefusatu dute EAJ, PSE-EE eta PPk.
Iazko desfilearen irudia.
Ahal Duguk eta EH Bildu taldeek jakinarazi berri dutenez, aldundiak eta Irun eta Hondarribiko udalek alarde nahiz konpainia parekideei harrera egitea errefusatu dute EAJ, PSE-EE eta PPk. “Berdintasunaren alde borroka egiteko ez dute borondate politikorik, eta nahiago dute emakumea diskriminatzeko egoera betikotu”, adierazi du Ahal Dugu-ren batzarkide Maria Valientek.
EH Bilduk bere egin duen mozioan, Ahal Duguk alarde parekideari harrera egiteko eskaera egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, baina baztertua izan dela salatu dute bi alderdiek. Aldeko 21 boto izan ditu, eta 27 kontrako. Era berean, aldundiari eta Bidasoko bi udalei azken 20 urteotan berdintasunaren alde lan egin duen alarde parekideari omenaldia egitea exijitu diote. “Udalen eta aldundiaren berdintasunaren aldeko jarrera politikoa falta izan zen duela 20 urte auzia piztearen arrazoia, eta 20 urte geroago, konpromiso falta hori berretsi dute”, adierazi du EH Bilduko Ainhoa Beolak.
Alarde baztertzailea bultzatzen dutenen lana aitortzea leporatu diote EAJri bi taldeek. “Ez dugu ulertzen nola planteatu daitezkeen berdintasunaren inguruko planak, eta ekainaren 30ean porrot egin”. Keinu hori begiak itxi eta beste alde batera begiratzea dela salatu dute.
Horrez gain, Hondarribian plastiko beltzak jartzearen kontrako adierazpena egitea eskatu diote diputatu nagusi Markel Olanori. Hori ere baztertu egin dute EAJk, PSE-EEk, eta PPk.
EAJk osoko zuzenketa bat aurkeztu dio mozioari, ondoko testuarekin: “Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diote jarraitzeko bitartekaritza lana egiten, Irungo eta Hondarribiko alardearen gatazka konpontzeko helburuarekin”. Testu hori aurrera atera da, aldeko 27 botorekin.