Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak irundar eta gertuko herrietatik gerturatutako bisitariei zenbait ohar helarazi nahi izan dizkiete.
Bizilagunak errespetatzea eskatu dute auzo elkarteko kideek.
San Pedro eta San Martzial jaien harira, Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak irundar eta gertuko herrietatik gerturatutako bisitariei zenbait ohar helarazi nahi izan dizkiete.
“Aisialdiak ez du bizilagunen atsedenerako eskubidearekin talka egin beharrik, eta elementu publiko eta pribatuen errespetua ez da dibertsioarekin bateraezina”, adierazi dute elkartetik. Ostalariei eta Irungo Udalari “esfortzu txiki” bat eskatu diete, jaietan ere mantendu beharreko gizalege eta elkarbizitza arauak “bete eta betearazteko”. “Ez dugu nahi gure auzoa pixaleku publiko, kontrolik eta etenik gabeko festa, leku arriskutsu edo gatazka leku, eta abar bilakatzea”, gehitu dute. Alde zaharra toki seguru eta sanoa izatea nahi dute, “alaitasunez beterikoa”.
Alde Zaharreko kale eta plazak jendez, alaitasunez eta umore onez betea ikustea pozgarria da bizilagunentzat, baina aldi berean, atseden hartzeko edota ingurua garbi mantentzeko eskubidea dutela nabarmendu dute elkartetik.