Erakusleihoak apaintzen ikasteko formazio saioetan hamar merkatari ari dira parte hartzen. Hondarribia Blues Festival-en ikusiko da jardueraren emaitza.
Joan den asteko formazio saioaren irudia.
Hondarribiko Udalak herriko merkatariei begirako ikastaroa antolatu du, erakusleihoak apaintzeko ikastaroa da. Joan den astean hasi ziren herriko merkatariak uztailaren 12ra arte iraungo duten eskolak hartzen. Hondarribia Abian, Enplegu eta Garapen ekonomikorako planaren barruko jarduera da. Mario Etxebarria da formatzailea, Bidasoan gisa horretako gaiak lantzen aditua, batez ere ile-apaindegietan.
Ikastaroaren helburu nagusia da, udalak aipatu duenez, uztailaren erdialdean egingo den Hondarribia Blues Festival-erako era berezian atontzea eskaparateak, kontuan hartuz, horiek direla komertzio baten aurrean herritarrek lehen ikusian duten aukera. Herriari bizitza ematen diote aldi berean.
Herriko hamar saltokiko kideak ari dira formazioa jasotzen. Honakoak dira: Xera estetika, Vertigo, Done Pedro, Axalian, Natur House, Joxean harategia, Legamia, Ipotx gozoki denda, Ongi Etorri eta Canela.
Erakusleihoen oinarrizko apainketa irizpideak, eta horretarako erabiltzen diren material eta teknikak ari dira ezagutzen merkatariak, alde teoriko eta praktikoa landez, Maria Serrano Merkataritza zinegotziak zehaztu duenez. Denden azala bakarrik ez, barnealdea hobetzeko irizpideak ari dira jasotzen partaideak.