Irungo alarde parekideak 20 urteko ibilbidea ospatu zuen atzo Ficoban. Ekitaldia jendetsua izateaz gain, hunkigarria izan zen.
Politikari mordoak hartu nahi izan zuen parte atzoko ekitaldian.
Irungo alarde parekidearen 20 urteko ibilbidea ospatu zuten atzo Ficobako auditorioan. Lepo utzi zuten ehunka lagunek aretoa. Ekitaldia jendetsua izateaz gain, hunkigarria izan zen. Azken 20 urteotan Irundik batera desfilatzen aritu diren emakume eta gizonei aitortza egin zieten, modu oso berezian.
Orotara, 500 lagun inguruk bete zuten auditorioa. Ekitaldia Miren Gaztañaga aktoreak gidatu zuen, eta taulatik Iraia Elias aktorea, Virginia Imaz
klown-a, Eneko Gil eta Noemi Viana dantzariak, Idoia Hache musikaria eta Peru Galbete abeslaria pasa ziren. Emanaldi guztian zehar, ‘Manada’-ren biktimari elkartasun osoa adierazi zioten oholtzatik pasa ziren kide guztiek. “Honek ez du atzera bueltarik: etorkizuna berdintasunaren aldekoa da”, adierazi zuen Landaiak. Emanaldian zehar, azken hamarkadetako desfileen irudi mordoa proiektatu zituzten, eta emakume askoren esperientziak entzungai izan ziren; arratsaldeko unerik hunkigarriena izan zen bertaratutakoentzat.
Aitortza ekitaldian, alarde parekidearen kideez gain, zenbait politikari izan ziren; tartean, lehen diputatu orde nagusi Denis Itxaso, EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriarte eta Oihana Etxebarrieta, diputatu nagusi ohi Martin Garitano eta Podemos-Ahal dugu-ko Josetxo Arrieta senataria. Haiekin batera, besteak beste, Emakundeko idazkari nagusi Izaskun Landaida eta Ararteko erakundeko Manu Lezertua izan ziren.
Hona, atzoko ekitaldian HITZAk bildutako irudiak: