Santiagotarrak elkarteak herritar guztiei bideratutako proba antolatu du datorren uztailaren 7rako. Dagoeneko apuntatzeko aukera dago.
Iazko probaren irudia.
Irungo Santiagotarrak kirol elkarteak, bigarrenez jarraian, Herri Jaitsiera antolatu du datorren uztailaren 7rako (larunbata).
Iaz izan zuen arrakastak bultzatuta ekin diote bigarren edizioa antolatzeari. Kirol lehia izaera ez duen proba izango da, piraguismoaren bitartez naturaz gozatu nahi duen orori zuzenduta.
Jaitsiera 12:30ean egingo dute, San Migeletik, eta ibilbidearen amaiera Santiagotarraken instalazioetan izango da. Klubak partaideei piragua bikoitzak edo banakakoak utziko dizkie (10 euroren truke). Proba amaitzean, herri bazkaria egingo dute. Izen ematea, 943 63 20 56 telefono zenbakian egin beharko dute interesdunek.